Joan den ekainaren 4an 26. Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketaren finalak jokatu ziren Azpeitiako Izarraitz pilotalekuan, eta bertan parte hartu zutenen artean izan zen Kimetz Oñederra Aittola aizkolari debarra ere. Oñederra, zehazki, 18 urtez azpiko kategorian aritu zen; finalean Igoin Pikabea hernaniarraren eta Unai Etxeberria Osinalde ezkiotarraren aurka neurtu behar izan zituen indarrak.
Osatu beharreko lanei dagokienez, 45 ontzako launa pago enbor moztu behar zituen bakoitzak. Oñederra proba irabazteko gogor saiatu zen, baina minutuak aurrera egin ahala atzean geratu eta aurkarien erritmoa jarraitzeko ahaleginak eta bi egin bazituen ere, txapela janzteko aukerarik gabe geratu zen.
Lanak 12 minututan eta 50 segundotan osatuta, hirugarren geratu zen. Pikabeak eta Etxeberriak hartu zioten aurrea. Pikabeak, hain zuzen, 11 minutu eta 12 segundo behar izan zuen jokoan zegoen txapela janzteko. Etxeberriak, aldiz, beste 32 segundo gehiago (11 minutu eta 44 segundo) behar izan zituen bigarren postua erdiesteko.