Aurten, iazko normaltasunari jarraipena emanez, zerbitzuak mantendu egingo direla jakitera eman dute udal iturriek. Are gehiago, zerbitzu batzuk hobetu egingo direla gaineratu dute. Sorosleak, esaterako, egunero egongo dira hondartzetan. “Ordutegi horretan lagundutako bainu zerbitzua erabiltzeko aukera izango dute hura eskatzen dutenek”. Honako ordutegian emango dute zerbitzua:
- Ekainean eta irailean: 11:00etatik 19:00etara.
- Uztailean eta abuztuan: 10:30etik 20:00etara.
Horrez gain, toldo eta etzaulkien zerbitzua ere eskainiko dute. Toldo batzuk, gainera, mugikortasun murriztua duten pertsonentzako bideratuko dituzte. Zehazki, hondartza erdiko pasarela ondoko bi aldeetan daudenak bideratuko dituzte horretara. “Iaz proba bezala bost bat toldo jarri ziren, eta harrera ezin hobea izan zutenez, aurten toldo gehiago jarriko dira”, agertu du Gilen Garcia alkateak. Zerbitzuak Kardenas pasealekuan dagoen egurrezko etxolan izango du harrera, eta nahi dutenentzat aulki gordailu zerbitzua ere emango dute.
Hondartzako aldagelak ere eskuragarri egongo dira. “Hondartzako ordutegian egongo dira irekita. Bertan, harrerako zerbitzua eskainiko da, eta aldagelen eta armairuen kudeaketa eta kontrola eskainiko da”.
Honako ohiko zerbitzuak ere eskainiko dira aurten hondartzan:
- Dutxak eta oinak garbitzekoak.
- Megafonia, zaintza dorrea, pasarelak, asistentzia etxola…
- Uretako kirol guneak.
- Lehorreko kirol gunea. “Bertan boleiboleko sareak ipiniko dira, baina, baliteke horien kokapena aldatzea”.
- Askotariko kirol jarduerak: surfa, arraun surfa, skate…
Kerik gabeko hondartza. Udal iturriek gogorarazi dute, udalak Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko sentsibilizazio kanpainarekin bat egin ondoren, Debakoa ere kerik gabeko hondartza dela. Kanpainan, orotara, hemeretzi hondartza ari dira parte hartzen. “Helburua da hondartzako eremua kerik gabe mantentzea”.
Jakitera eman dutenez, bi asmo nagusi ditu kanpainak. Alde batetik, hondartzako erabiltzaileen artean ohitura osasungarriak sustatzea eta, bestetik, zigarrokinek dituzten konposatu kimikoek eragindako kutsadura saihestea. “Hondartzako hainbat sarreretan kerik gabeko eremua dela gogorarazten duten kartelak jarriko dira”.