San Roke jaiak gerturatzen ari dira, eta abuztuaren 15ean ospatuko den Umeen Eguna antolatzeaz arduratzen den herritar taldea ere hasita dago egun horretako ekintzak prestatzen. Haurren danborrada, esaterako, goizean kaleratuko da, eta ospakizun hori prestatzeko entseguak ere noiz abiatuko dituzten iragarri dute. Zehazki, uztailaren 13an egingo dute lehena; 19:00etan jarri dute hitzordua, Ifar kaleko Luzaro eskolan.
Dena ondo atera dadin eta martxak behar bezala interpreta daitezen beste hainbat entsegu ere egingo dituzte. Uztailean, ostegunetan egingo dituzte saioak eta abuztuan, astearte eta ostegunetan; guztiak ere 19:00etan izango dira, Ifar kaleko Luzaro eskolan. Entsegu orokorrak, aldiz, festen aurrean egingo dituzte.
Entsegu egunak noiz izango diren iragartzearekin batera, danborradako postuak zein adinetako haurrek bete beharko dituzten ere zehaztu dute. 2018 eta aurretik jaiotakoak, esaterako, danbor hotsak kaleetan barrena zabaltzeaz arduratuko dira. 2021, 2022 eta 2023an jaiotakoek, aldiz, mozorrotuta dantzan parte hartu ahal izango dute ospakizunean. 2019 eta 2020an jaiotakoak, berriz, kantinera, kantinero edo sukaldari paperean jardungo dira panderoekin.
Entseguetan eta ospakizunean parte hartzeko gonbidapena herritar guztiei luzatu diete antolatzaileek
Danborradaz gain, jaialdia ere egingo dute. “Erraldoi taldeak, txistulariek, euskal dantza taldekoek, banda gaztekoek, gaiteroek eta beste hainbatek parte hartuko dute bertan”. Nagusienek, esaterako, jaialdiaren aurkezle edo danborradako banderadun gisa aritzeko aukera izango dute. Herri kirolen eta jolasen arloa, azkenik, parte hartzeko interesa duten guztien esku lagako da.
Entseguetan zein Umeen Egunean egingo diren jardueretan parte hartzeko gonbidapena herritar guztiei luzatu diete antolatzaileek. “Egun polita izango da. Goizean danborrada eta jaialdia egingo ditugu, baina, horiez gain, beste jarduera batzuk ere egingo ditugu”. Ekintzak antolatzeko boluntarioen laguntza beharrezkoa izango dutela ere gaineratu dute. Besteak beste, kalejiran, ogitartekoak prestatzen eta banatzen, eta danborrak, panderoak eta arropa jasotzeko laguntza beharko dutela azaldu dute.
Danborradan edota jaialdian parte hartzeko eta boluntario modura jarduteko interesa dutenek Internet bidez zabaldu duten izen-emate formularioa beteta izena eman dezakete; uztailaren 6a da horretarako azken eguna. Edozein zalantza izanez gero, debakoumeeneguna@gmail.com helbide elektronikora idazteko ere eskatu dute.