Euskaraz sortu eta euskaraz pentsatutako diziplina desberdinetako kultur ekitaldiak antolatzea da Iturri Ondoan egitasmoaren ardatza. “Gaur egun erreferente diren kulturgileak Debara ekarriz, batetik, eta herriko jendea harremanetan jarriz, bertakoekin ondutako ekimenak plazaratuz, bestetik”. Debako Udaleko Amaia Zinkunegi euskara teknikariaren esanetan, hori izango da, ziurrenik, ekimena “gure kuttunenetakoa” izateko arrazoia.
Askotariko ekitaldiak egin dira urteotan Iturri Ondoanen baitan, eta hori guztia antolatzeko orduan arreta berezia jarri da beti euskaraz sortzeko prest dauden herritarrengan. “Herriko ekimen horietan parte hartzeko jendea topatu, bilerak egin, entseguetan elkartu, eta egindakoa eskaintzea ederra da guretzat. Hamar urte hauetan harreman sare berriak eraiki ditugu horrela, euskaraz eta euskaratik; adin desberdinetako jendea batu dugu, inguru diferenteetakoa, pentsamolde anitzetakoa”, laburbildu du Zinkunegik.
Egitasmoa “finkatu” egin dela uste dute antolatzaileek, publikoari dagokionean ere bai, ikus-entzule batzuen “fidelizazioa” ere lortu delako. “Batzuek badakite uztailean, ostiralero, euskarazko kultur ekitaldi bat izango dutela Plaza Zaharrean eta zain egoten dira. Elkar ezagutzen dute eta zerbait partekatzen; lehen aipatutako komunitate baten parte sentitzen dira eta hori pozgarria da, oso, guretzat”.
Aurtengo egitarauak berri edo berezitik ere izango du. Ohiko saioez gain, uztailaren 15ean hamar urteotan egindakoa ospatuko dute
Zailtasunak eta erronkak. Lorpenak ez ezik, zailtasunak ere izan dira bidean. Bi aipatu ditu euskara teknikariak: “Bata, eguraldia; uztailean zeruari begira egotea tokatzen zaigu askotan, baina hor ezin dugu askorik egin. Bestea, herritarrekin garatzeko proiektu edo ideiak agortzen ari zaizkigula”. Horixe, bada, aurrera begirako erronka. “Orain arte bezala, geuk sortu edo ondutako ekimenak egiten jarraitzeko hariak eta bideak ikustea, irudikatzea eta aurrera eramatea”.
Azpimarratu duenez, “konbentzituta gaude hau badela euskal hizkuntza komunitatea sendotzeko, harro sentiarazteko eta birsortzeko modu bat. Eta herria egiteko modu bat, baita ere. Debak euskal herri izaten segi dezan bide bat, oholtza gainean zein aurrean daudenak elkarrekin egiten jarraituko dutena”.
Aurten ere denetik izango du Iturri Ondoanek uztaileko ostiral gauetan: bertsoak, Begiradak literatur errezitaldi eta irudien proiekzioa, antzerkia eta musika-dantza emanaldi bat
10. urtemuga betetzen den honetan, aurtengo egitarauak berri edo berezitik ere izango du. Ohiko saioez gain, uztailaren 15ean hamar urteotan egindakoa ospatuko dute. “Eguerdian, formatu txikiko kultur ekitaldiak ikusi edo entzuteko aukera izango dugu herriko iturri berrietan —esan du Zinkunegik—. Baina ez dugu aurreratuko horien nondik norakoa; zuen eta gure arteko sekretua izango da. Iturri berri horietara ibilbidetxoa egin nahi izanez gero, gonbidapena jaso beharko duzue Turismo bulegoan uztailaren 9a baino lehen. Eta ez zaizue damutuko, ikusiko duzue. Eguerdian bazkari batean elkartuko gara; Galerna Festan izango diren gazteekin bat eginez. Eta arratsaldean, kantuak, jolasak, antzerkia… izango dituen ekitaldia egingo dugu, herritarrek prestatua”.
Gainerakoan, aurten ere denetik izango du Iturri Ondoanek uztaileko ostiral gauetan: bertsoak, Begiradak literatur errezitaldi eta irudien proiekzioa, antzerkia eta musika-dantza emanaldi bat.
EGITARAUA
- Uztailak 7. Zenbat gara? Lau? Bat? Hiru, Bost, Zazpi? bertso saioa, 22:00etan.
- Uztailak 14. Begiradak literatur errezitaldi eta irudien proiekzioa, 22:00etan.
- Uztailak 15. Iturri ondoan 10 urte jaia. (Iturri berriak, bazkaria, festa…).
- Uztailak 21. Tonbola antzerkia, 22:00etan.
- Uztailak 28. Ghau emanaldi musikala, 22:00etan.