Zornotzan hasi eta Baionan amaitu zen Frantziako Tourreko hirugarren etapa Deba eta Itziartik igaro zen atzo (uztailak 3) eguerdian. Astelehen buruzuria bazen ere, giro eguzkitsua lagun, munduko txirrindularirik onenak animatzeko aukera galdu nahi ez zuten zaleez lepo bete ziren bide bazterrak.
Arkea taldeko Laurent Pichon frantziarra eta EF Education-Easypost taldeko Neilson Powless txirrindulari estatubatuarra izan ziren atzoko protagonista nagusiak. Biek ala biek hasieran egin zuten ihesaldia, eta horren lekuko izan ziren Debako tarteko helmugan zein Itziarko mendate inguruetan batuta zeuden zaleak ere.
Debako esprintean azkarrenak, hurrenez hurren, Pichon (20 puntu) eta Powless (17 puntu) izan ziren. Puntuak biltzen hurrengoa Cofidis taldeko Victor Lafay izan zen; 15 puntu batu zituen, Hondartza kaleko tarteko helmuga lehen biengandik minutu eta erdira igaro ostean. Mantsoago zetorren tropelak, berriz, beste minutu bat behar izan zuen; txirrindulariak bizkor-bizkor igaro ziren zaleen oihu eta txalo artean. Itziarko gainean, aldiz, mendiko sailkapenerako beste hiru puntu banatu zituzten. Bertatik igarotzen lehena Powless (2 puntu) izan zen, Pichonek oso gertutik jarraitzen zuela (puntu 1).
[Ikusi hemen ZUZENEAN Frantziako Tourrak gurean utzitako ARGAZKI ETA BIDEOAK]
Alpecin-Deceunick taldeko Jasper Philipsen-ek irabazi (04.43.15) zuen 195 kilometroko etapa; Mathiur Van der Poel-ek egin zion bideratzaile lan bikainari esker, aurtengo lehen esprint handi bezain “polemikoan” gailendu zen Herbehereetako esprinterra. Bigarren Phil Bauhaus (Bahrain Victorious) izan zen eta hirugarren Caleb Ewan (Lotto Dstny). Atzoko emaitzak kontuan hartuta, Adam Yates-ek (UAE) jarraitzen du lider, hirugarren egunez jarraian; maillot horiari eusteko zailtasun handirik ez zuen izan.
Festa giroa nagusi. Bide bazterretan zeuden zaleek gogotsu hartu zuten atzo tropela, eta bertaratu zirenek kolorez eta aldarriz bete zituzten bazterrak. Ikurrinek, esaterako, etxeetako balkoiak eta leihoak, errepide ertzak eta mendateak hartu zituzten eta, Gure Eskuren deialdiarekin bat eginda, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea han-hemenka zabaldu zutenak ere asko izan ziren.
Lasterketaren aurretik igaro zen publizitate karabanak ere irudi ikusgarriak utzi zituen. Hamarnaka ibilgailu pasa ziren, zein baino zein deigarriagoa, eta bat baino gehiago aho zabalik gelditu ziren ikusitakoarekin. Musika eta bozina zalapartatsu artean iritsi ziren udalerrira eta bide bazterrean batuta zeuden zaleen artean enpresen opariak banatu zituzten.