Arbil Jubilatu Elkarteko ordezkariek jakitera eman dutenez, uztailaren 12an bisitatuko dute Nafarroako hiriburua. Goiz eta eguerdi partean jaiak eskaintzen duenaz gozatu eta potean ibili ondoren, bazkaritara joango dira. Iruñeko Igeriketa Klubean batuko dira irteeran parte hartuko dutenak; 15:00etan jarri dute hitzordua.
Astelehenean (uztailak 3) zabaldu zuten izena emateko epea, elkarteak Berasaluze Plazako egoitzan duen bulegoan. Gogorarazi dute bulegoa astelehen eta ostegunetan egongo dela zabalik, 11:00etatik 12:30era, eta soilik 10:30etik aurrera ilaran daudenak kontuan hartuko dituztela azpimarratu dute. “Aurretik daudenak ez dira kontuan hartuko”. Irteeraren prezioa 35 eurokoa da, eta prezio horretan garraioa eta bazkaria ere sartzen direla esan dute.
Ohi modura, irteerara joateko autobusa egongo da. Lehen geldialdia Deban egingo dute; 09:00etan jarri dute hitzordua zumardian, hondartza sarreraren alboan. Ondoren, Itziarko bizilagunen txanda izango da; 09:15ean jasoko dituzte hango bizilagunak. Iruñetik bueltatzeko ordua, berriz, 21:00etan ezarri dute, “zezenetara joan nahi duenak aukera izateko”.