Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamenduak Emaus Gizarte Fundazioarekin, Mater Museoarekin eta Indigo Produkzioekin lankidetzan antolatu du kanpaina. Helburu nagusia da paperontzien erabilera egokia sustatzea eta sentsibilizazioa bultzatzea, herritarrek hondakinak bereizi eta gaika bil ditzaten. Hori lortzeko bidean, hainbat jarduera egingo dituzte: haur jolasak, tailerrak eta antzerki emanaldiak, besteak beste.
Astelehenetik (uztailak 3), esaterako, sasoi batean aldagela modura erabiltzen ziren etxola koloretsuak irudikatzen dituzten edukiontziak daude ipinita hondartzaren ondoko pasealekuan. Eta alboan, herritarrak hondakinen gaikako bilketaz sentsibilizatzea eta plastikoak ozeanoetan duen eraginaz kontzientziatzea helburu duen informazio gune bat ere jarri dute. Hondartzak modu arduratsuan eta jasangarrian erabiltzeko gomendioak emango dituzte bertan, 11:00etatik 14:00etara. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, gaur (uztailak 7) da zerbitzu hori emango duten azken eguna.
Herritarrei zuzendutako beste hainbat jarduera ere egingo dituzte. Larunbatean (uztailak 8), esaterako, 17:00etatik aurrera gaiarekin lotutako kale antzerki bat eskainiko dute. Boticcelliren Venusaren sorreran oinarrituta, hondartzen kutsaduraren eta itsas ekosistemaren ondorioei buruzko performance bat eskainiko dute lau aktore profesionalek. “Umorea erabiliz, ekintzak kritika egingo dio giza ohituren bilakaerari”.
Igandean, berriz, bestelako bi jarduera egingo dituzte, 17:00etatik 20:00etara, itsasoko zaborren problematika ezagutaraztera eta biodibertsitatearen garrantziari balioa emateko. Hori irudikatzeko itsasoko bi erraldoi erabiliko dituzte: Zabor (itsasoko hondakinetatik abiatuta egindako hondakinen munstroa) eta Bio (biodibertsitatearen dama, eta komunitatean kakorratzez ehunka koral eta itsas algez osatutako izakia). Itsasoko bi izaki horiek musika, umorea eta kalejira uztartzen dituen ikuskizun baten parte hartuko dute.