“Bidaia txiki-handi bat” proposatzen duen antzerkia dakar Ai, Zapotxin! pailazoak Debara. Bertso musikatuak biltzen dituen istorioa da Esan, galtzerdi maitea!, eta 2 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago. Emanaldiak ordu eta laurdeneko iraupena izango du eta sarrera doakoa izango da. Ikuskizuna Kultur Elkarteko plazatxoan egitea aurreikusita dago, baina eguraldi txarra balego zumardiko karpan egingo dela jakinarazi dute antolatzaileek.
Antzerkia, bertsoa eta umorea uztartzen ditu emanaldiak, euskaraz. Markel Oiarzabal aktoreak aurreratu duenez, Zapotxin istorioko protagonista aitonaren galtzerdi-dendara joango da bisitan; aitona, ordea, ez da inondik ageri, baina altxor txiki bat utzi du Zapotxinentzat. “Galtzerdiek protagonistari beren jabeen abenturak kontatuko dizkiote eta Zapotxinek bere herria nola eta nork sortua izan den ulertuko du. Modu harrigarri batean, Elbira Zipitria ikastolen sortzailea, Lazkao Txiki, sare-joslea eta beste zenbait lagun izango ditu bisitan Zapotxinek. Eta denok ozen errepikatuko dugu: Esan, galtzerdi maitea!”.