Libera proiektuaren baitan, Geoparkeko kostaldeko biodibertsitatea ezagutzeko eta, bide batez, auzolanean garbiketa egiteko irteera antolatu du Debanatura Ingurumen Heziketa taldeak, Seo-Bird Life erakundearekin, Ecoembesekin eta Danobatekin lankidetzan. Antolatzaileek zehaztu dutenez, larunbatean (uztailak 15) egingo dute ekintza, Ekin berdea: Biostop plastikoak izenburupean. “Lapari eta Sorginetxe inguruko haitzetan pilatutako hondakin eta plastikoak biltzeko garbiketa bat egingo dugu”.
Hori bai, antolatzaileek azpimarratu dute ez dela ohiko zabor bilketa bat izango. Parte hartzaileek, izan ere, marearteko zabalguneko fauna ezagutzeko aukera ere izango dute, zaborra biltzen ari diren bitartean. “Helburua da hondakinik gabeko naturaren garrantziaz jabetzea eta, aldi berean, gure kostaldeko biodibertsitatea ezagutu eta ingurumena zaintzearen eta errespetatzearen garrantziaz ohartaraztea”.
Irteera 12 urtetik gorakoei zuzenduta dago, eta parte hartuko dutenei ura, txapela, haitzetatik ibiltzeko oinetako egokiak eta arropa erosoa eramateko gomendioa egin diete. Bertan parte hartu nahi dutenek hitzordua jarrita daukate: 10:00etan batuko dira Santiago hondartzan. Aurreikuspenen arabera, 15:00ak bitartera gauzatuko da ekintza, hori dela eta, hamaiketakoa ere bermatuta egongo dela ere esan dute. “Hamaiketako bat eskainiko dugu, baina nahi izanez gero, eraman ura eta goizerdian jateko zerbait”.
Ekintza doakoa eta parte hartzaile guztiei asegurua egingo diete, hori dela eta aurrez izena ematea eskatu dute; osteguna (uztailak 13) da horretarako azken eguna. Ekintzari buruzko informazio gehiagorako edota izena emateko debanatura@hotmail.com helbidera idatzi edo 695 783 656 telefono zenbakira deitu daiteke.