GUTUNA

Goaz Antzerki Taldearen gutuna: “Salbe, publikoa”

Berriketan 2023ko uzt. 10a, 11:18
Hona hemen Goaz Antzerki Taldeko kideek ekainean ospatu den Antzerki Asteari buruz Berriketan herri aldizkarirako idatzi duten gutuna.

“Salbe, publikoa!”. Agirre jauregian hori esanez eman genion hasiera hogeita hamaseigarrena izango zen Antzerki Asteari. Berriro ere gure ikastaro amaierako pieza osatu eta eskaintzera iritsi baikinen. Salbe, desagertzear dagoen publikoa salbatu nahian.

Edabe magiko bat prestatu genuen eta, edabe haren lurruna eta kea usaindu eta arnastearekin batera, ikuslea antzerkizale amorratu bihurtuko zen; hark sarrerak hamarnaka erosi eta lagunen artean oparituko zituen, eta Aldats pilotalekuan antzerki obra guztien zain lehena izango zen ilaran.

Tan, tan, tan

Baina zer da hori? Zer da etengabe entzuten den soinu hori? Zer da antzerki obrari gailentzen zaion hots hori?

Tan, tan, tan

Ur-hotsa da! Frontoiaren atzeko hormari zerion uraren soinua da! Eta publikoa, halabeharrez, hots horrekin urduri.

Kar, kar, kar

Baina zer da pilotalekuaren atzealdean entzuten den soinu hori?

Kar, kar, kar

Jendea kanpoan barrezka ari da, ozen. Eta publikoa gogaitua.

Eta, bat-batean, auzokoek euren etxeetara igotzeko igogailua hartu dute. Zarata. Eguzki izpiak, agertokiaren argiztapena oztopatuz. Publikoa atsekabetuta. Hori gutxi ez, eta pilotalekuko harrizko eserlekuek publikoaren ipurmasailak egurtzen dituzte. Publikoa deseroso.

Edabeak ez zuen bere efektua egin. Aldats pilotalekua ez zen bete. Edabe bat baino gehiago, espazio bat behar dugulako: antzerkia ikusteko baldintza duinak dituen espazio bat.

Salbe, publikoa!

Zuek gabe gu ez gara existitzen.