Bertsoa izan zen protagonista aurreko ostiralean, uztailaren 7an, egin zen Iturri Ondoan egitasmoko lehen hitzorduan. Maite Berriozabal gai-jartzailearekin batera, Oihane Perea, Miren Artetxe, Joanes Illarregi eta Amets Arzallus bertsolariak aritu ziren Plaza Zaharreko agertokian, hamarnaka lagun bildu zituen emanaldian.
Leku berean eta ordu berean (22:00etan), gaur gauerako deituta dago aurtengo egitarauko bigarren hitzordua; hamargarren aldiz datorkigun Begiradak ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da. Parte hartuko duten idazleak hauek izango dira: Iraia Agirrezabala, Antton Aizpurua, Eider Aldalur, Ketxus Amasorrain, Maite Aperribai, Rexu Arakistain, Lander Aranberri, Ane Bastida, Nagore Dorronsoro, Beñat Escudero, Joseba Escudero, Lourdes Gonzalez, Arantza Iriondo, Itsaso Iciar, Julia Ron, Uxue Santxo, Mari Seara, Ainara Sedano, Mattin Urbieta eta Amaia Zinkunegi. Irudigileak, berriz, hauek izango dira: Inma Alberdi, Jose Luis Aperribai, Asier Badiola, Esti Beristain, Sonia Camaron, Iñaki Elosua, Joseba Galarrraga, Ernesto Garcia, Sara Lili, Aritz Mancisidor, Nere Oria, Uxue Pascual eta Jhoselin Quispe. Kulunka Dantza Taldeak ere parte hartuko du emanaldian eta laguntzaileak Mikel Aizpurua eta Alazne Txurruka izango dira.
Debako Udalak azaldu bezala, hamar urteko ibilbidean herriko jende askok hartu du parte Begiradak-en, bai irudiak egiten bai testuak sortzen. “Lan ederregiak izan dira, unetxo batean gozatu eta hain hauskorra den memorian geratzeko. Baina teknologiak bide ematen du orduko hura berriz bizi ahal izateko, testu eta argazki haiek guztiak aldean eramateko. Mugikorra eskuan, herriko dendetan, bankuetan, postetan… jarri diren QR kodigoak eskaneatu, eta, begiz nahiz belarriz, begirada berriak deskubrituko dituzue”.
Ospakizun eguna bihar (uztailak 15)
Iturri Ondoan egitasmoaren hamargarren urteurrena ospatzeko “egunpasa berezi bat” antolatu da biharko. Egitaraua 12:30ean hasiko da, Iturri Berriak ekimenarekin. “Hiru ibilbide sekretu, hiru iturri berri. Amalur, Eguzki eta Ilargik gidatuko gaituzte, 20 bat minutuko kultur emarietara”, aurreratu dute udaletik. Egitarauari buruzko informazio gehiago ez dute, ordea, aurreratu. “Jakin-mina baduzu, gonbidapena jaso beharko duzu. Turismo bulegoan, uztailaren 14a baino lehen”.
15:00etan Iturrian Galerna bazkaria egingo dute kioskoan (eguraldi txarra egiten badu, karpan). “Sareak sendotzen. Bazkaria gazte asanbladarekin batera antolatuko da, Galerna festarekin bat eginez”, nabarmendu dute. Amaitzeko, 17:30ean herritarrek herritarrentzat antolatutako Iturri ondoko festa izango da Plaza Zaharrean. Kantak, jolasak, dantzak, istorioak… izango direla azaldu dute (eguraldi txarra egiten badu, karpan izango da hitzordua).