Uztailaren 1ean hasi zuen EuskarAbentura, eta ordutik Euskal Herria oinez zeharkatzen ari dira espedizioan parte hartzen ari diren 125 gazteak eta antolakuntzako kideak. Abentura ibiltariak hilabete iraungo du, eta antolakuntzak iragarri dutenez, Deban ere geldialdia egingo dute. Astelehenean (uztailak 24) iritsiko dira udalerrira. “Getariatik oinez iritsiko gara”, azaldu dute antolatzaileek.
Jzioquitarrak biharamunera arte (uztailak 25) egongo dira Deban eta, tartean, herria ezagutzeko aukera ere izango dute. Eguna biribiltzeko, Eire Maiak eta Eire Salegik osatzen duten Eire bikotearen kantuez ere gozatu ahalko dute. Hurrengo egunean, berriz, autobusa hartu eta espedizioari jarraipena emango diote. “Debatik Zestoara joango gara. Ekainberri bisitatzeko geldialdia egin, eta handik Lekeitiora abiatuko gara. Getxora (helmugara) bidean, Nabarniz, Gernika-Lumo, Sukarrieta, Bermeo, Bakio eta Bilbo zeharkatuko ditugu”, gaineratu dute antolatzaileek.
Euskal Herriko zazpi lurraldeetako eta diasporako 16-17 urte bitarteko 125 gazte euskal geografia, kultura eta historia lagunartean ezagutzera daramatzan oinezko espedizioa da EuskarAbentura. Uztailaren 1etik 31ra bitarte, Mauletik Getxora arteko bidea osatuko dute 31 etapatan; 407 kilometro egingo dituzte oinez, eta beste horrenbeste autobusez, “euskararen erabilera bultzatuz eta kultura, osasuna, ekologia eta parekidetasuna balore bezala indartuz”.
2018 eta 2019ko udan izan ziren aurreneko bi edizioak, EuskarAbentura irabazi asmorik gabeko elkarte euskaltzaleak bultzatuta. 2020an, aldiz, pandemiak galarazi egin zuen, eta 2021ekoa ere osasun larrialdiak baldintzatu zuen neurri handi batean. Baina 2022an jatorrizko izaera berreskuratu zuen, hau da, ibiltaria izan zen, eta aurten ere horri eutsi diote.