Asteburu honetan ere ez da aspertzeko astirik izango Deban. Hika Teatroa konpainiako antzezleek, esaterako, duela bi aste hasitako hamargarren Iturri Ondoan egitasmoaren egitarauari jarraipena emango diote gaur (uztailak 21) gauean; Tonbola helduentzako kale ikuskizuna taularatuko dute, 22:00etatik aurrera.
Agurtzane Intxaurragak zuzentzen duen lana umorez eta gizarte-kontzientziaz beteta dago. Antzerki taldearen arabera, “bizitza tonbola bat da” ideia abiapuntutzat hartuta hasi ziren lana inprobisatzen, eta, esan dutenez, Europari buruzko “kritika zorrotza” da emaitza. Ordubete inguru irauten duen kaleko kabaretak, zehazki, “egoera absurdoetan oinarrituko du bere umorea eta munduan zehar mugek banatuta edota muga baten baitan bizi den jendearen errealitateari erreparatuko dio”.
Tonbolero familia batek eta haren ahuntz atzerritarrak Europan bizirauteko egin beharrekoak kontatzen ditu. Horretarako, denetarik zozkatzen dute: oliba bilketarako lan kontratuak, Danimarkako familiak, ogi txigorgailua, maskarak, bizitza sexuala berpizteko audioliburuak, Made in Libia markako paterak eta, horrez gain, Eurovision abesti lehiaketan parte hartzeko bi gonbidapenen balioa duen urrezko txartela.
Datorren ostiralean, uztailaren 28an, Ghau emanaldi musikala izango da 22:00etan.