Ohiturei eutsita, bueltan da Debako Musika Bandaren udako dantzaldia. Larunbatean (uztailak 29) eskainiko dute emanaldi berezia, 23:00etatik aurrera, Foruen Plazan. Dantzaldiak urtero “harrera polita” izaten duela gaineratu dute bandako kideek, eta emanaldira gerturatzeko gonbidapena egin diete herriko zein inguruotako musikazale guztiei. “Urteak dira emanaldi hau berreskuratu genuenetik, eta jendearentzat oso kutuna den emanaldia dela esan daiteke”.
Aurtengoan ere askotariko abesti ezagunez gozatzeko aukera izango dela jakitera eman dute. Besteak beste, pasodobleak, boleroak, rantxerak eta euskal abestiak joko dituzte Foruen Plazan batzen direnen gozagarri. Iaz egin modura, gainera, herriko abeslariek ere parte hartuko dute hitzorduan. Bandako kideek iragarri dutenez, Hector Aldalurrekin eta Itsaso Iciarrekin elkarbanatuko dute aurten oholtza.