Debako Odol Emaileen Elkarteak odola emateko saio berri bat antolatu du. Urteko hirugarren saioa ostiralean (abuztuak 4) egingo dute, Luzaro ikastetxean; ohi modura, 16:30etik 20:30era bitartean ariko dira osasun arloko profesionalak lanean. Antolakuntza lanak errazteko, ezinbestekoa da aurrez hitzordua hartzea. Interesa dutenek 612 40 21 03 telefono zenbakira deitu edo Whatsapp mezu bat bidali beharko dute txanda hartzeko. Horretarako azken eguna osteguna (abuztuak 3) da. Zehaztu dutenez, 16:00etatik 20:00etara jasoko dituzte deiak eta mezuak.
Odol emaileen elkartetik dei berezia egin dute, odola ematera joateko. Euskadiko Odol Emaileen webgunean argitaratutako datuen arabera, odol erreserba mailek “apalak” izaten jarraitzen dute. Egunotan emandako datuen arabera, A+, A- eta B- taldeetako maila egoera “oso kritikoetan” dago eta odolik jaso ezean, O+ O- eta AB- taldeetako erreserbak ere laster amaituko dira.
Azpimarratu dutenez, ez da aparteko baldintzarik bete behar odola emateko. Are gehiago, bertan lanean ariko diren osasungintzako profesionalek babes neurri guztiak hartuko dituztela gogorarazi dute, beraz, jendeari “lasai hurbiltzeko” eskatu diete. Hona hemen odola emateko eskatzen diren zenbait baldintza:
- 18 eta 65 urte artean izatea.
- Ezinbestean 50 kilo baino gehiago pisatzea.
- Atseden hartuta, otordu arina eginda eta ondo hidratatuta joatea gomendatzen da. “Etorri odola ematera, baina ez baraurik”.
- Gaixotasunen batez kutsatu ahal izateko arrisku-praktikarik egin ez izana (sexualak, bidaiak, gaixotasun kutsakorrak dituzten pertsonekin kontaktua izatea…).
- Ohartarazi dute sintoma susmagarriak (katarroa, mukiak edo eztula moduko sintomak) izanez gero ere, ez bertaratzeko.