Musikarekin lotura estua duen familia batean jaio zen eta, Debako Musika Bandaren sortzailearen oinordeko izanik, bere aurrekoek egindako bideari jarraipena eman dio Urainek. “Familian musikari asko egon dira. Nire birraitona, adibidez, Debako Musika Bandaren sortzailea eta zuzendaria izan zen eta aitona eta osaba ere zuzendariak izan ziren. Nire aitona eta ondoren osaba zuzendari zirenean, beste hiru osabek eta nire aitak ere bandan jotzen zuten”. Bere ibilbideaz eta beste hainbat kontuz galdezka joan zaio Berriketan.
Uda sasoia kontzertuak eta emanaldiak eskaintzeko garai aproposa izaten da. Zer asmo dituzue hurrengo asteetara begira?
Udara begira ekitaldi ugari ditugu hitzartuta. Uztailaren 16an Markina-Xemeinen eta uztailaren 25ean Mendaron izan gara, eta uztailaren 29an Dantzaldia daukagu Foruen Plazan. Hitzordu horien ondoren, San Roke jaiak prestatzen hasiko gara.
Eta nolako errepertorioa darabilzue esku artean?
Banda bat garen heinean, denetik jotzen dugu. Hau da, estilo guztiak lantzen ditugu, egoera bakoitzak eskatzen duenera egokituz.
Taldekideok urteko zein emanaldi duzue gustukoen?
Emanaldi bakoitzak bere xarma dauka. Kontzertuek, esate baterako, musikalki gehiago betetzen dute. Beste emanaldi batzuek, aldiz, emozio itzela sorrarazten dute.
Zeintzuk, adibidez?
Jaietan San Rokeri zapia jartzen zaionean Debako Martxa jotzeko unea, adibidez, oso berezia izaten da.
Jaiak hastear dauden honetan, gainera, bandako kideok zelan bizi dituzue ospakizun egunak?
Jotzen eta herria alaitzen oso ondo pasatzen dugun arren, musika bandako kide izateak entseatzeko eta ekintzetan parte hartzeko konpromisoa hartzea dakar, eta horrek guztiak inplikazioa eskatzen du. Gure oporrak, esate baterako, San Roke jaien ondoren izaten dira.
Non eta zer maiztasunekin entseatzen duzue?
Orokorrean astean birritan entseatzen dugu Agirre jauregian, baina emanaldiren bat gerturatu ahala hirugarren entsegu bat ere egiten dugu.
Uneotan zein egoeratan dago taldea? Zenbat kide zarete?
Gaur egun 40 kidek osatzen dugu banda. Talde oso gaztea da, baina ditugun musikariek primeran erantzuten dute. Lan ikaragarria egiten dute eta emanaldi bakoitza maila onean eskaintzen dugulakoan nago.
“Bandara kide berriak erakartzeko orduan oso garrantzitsua da Debako Musika Banda Gaztea. Hori da, hain justu, gure harrobia”
Gaur-gaurkoz, taldearen jarraipena bermatua ikusten al duzu?
Gaur egun gero eta eskaintza zabalagoa dagoenez, haurrek musika ez dute lehenengo aukeratzat hartzen; instrumentu bat ikasteak, gainera, bere denbora eta dedikazioa eskatzen du. Debako Musika Bandara kide berriak erakartzeko orduan oso garrantzitsua da Debako Musika Banda Gaztea. Hori da, hain justu, gure harrobia, baina bertan haur asko dauden arren, bizpahiru urteren ostean ia gehienek musika albo batera uzten bukatzen dute.
Zergatik? Zein izan daiteke arrazoia?
Askotan beste zaletasun batzuk nabarmentzen dira eta, denera iritsi ezinik ibiltzen direnez, musika lagatzen amaitzen dute. Egia esan, egoera hori iraultzeko ez dakit zer egin dezakegun. Bandako kide izateko edozein adin eta momentu da egokia. Beraz, gogoa daukaten guztiak animatzen ditut instrumentu bat ikasi eta gugana etortzera. Horiekin batera, sasoi batean bandako kide izandakoak ere gurekin berriro entseatzera gonbidatu nahiko nituzke.
Bandak herritarren estimua duela iruditzen al zaizu?
Herritarren partetik oso baloratuak sentitzen gara, eta hori asko eskertzen da. Oso pozik gaude gure emanaldietan izaten dugun berotasun eta entzule kopuruarengatik, eta debarrei asko eskertzen diegu bandako bazkide izanik beraien laguntza ematea.
Kanpoan ere sarri ibiltzen zarete. Aberasgarria izango da hori ere taldearentzat, ezta?
Bai, oso interesgarria da herritik kanpo jotzea eta beste herrietan Deban egiten duguna zabaltzea. Hori guztia interesgarria izateaz gain, motibagarria ere bada guretzat, eta gure arteko harremana sendotzea dakar.
Mende laurden baino gehiago daramazu batuta hartuta. Nola sortu zitzaizun aukera hori?
19 urte nituenean eman zidaten aukera. Garai hartan musika ikasketetan oso murgilduta nengoen eta, aurreko zuzendaria Madrilera ikastera joan zenez, bandako kideek taldea zuzentzeko proposamena egin zidaten.
Erantzukizun handia hain gazte izanda… Erronka handia izan al zen?
Bai, erronka polita izan zen niretzat. Egia esan, ez nekien oso ongi non ari nintzen sartzen eta zer nolako erantzukizuna zekarren banda bat zuzentzeak, baina, egia esan, ilusio handiz hartu nuen eskaini zidaten aukera edo ardura berria.
Zer aldaketa jasan ditu bandak zeu zuzendari zarenetik?
Pila bat. Entseatzeko lekua, esate baterako. Bandan jotzen hasi nintzenean hondartzan zegoen ikastolako ping-pongeko mahai baten inguruan entseatzen genuen, partiturak mahaiaren gainean jarrita. Gerora, leku berean baina atrilekin entseatzen hasi ginen, musika banda baten formatuan. Handik, gero, Osioko lokal batera mugitu ginen, gaur egun Gaztelekua dagoen tokira, eta azkenik, 2011n, musika eskola berria eraiki zen, eta bertan dugu orain lokala. Urteak aurrera joan ahala, gure entseatzeko baldintzak hobetzen joan direla esan genezake, eta une hauetan primerako entsegu lokala daukagu. Ni hasi nintzen garaian entseatzeko genituen baldintzek eta gaur egungoek ez dute zerikusirik, asko hobetu da egoera! Bestalde, jende asko pasa da bandatik, eta bakoitzak bere ekarpena egin dio taldeari. Gizartea aldatzen doan heinean, baina, gero eta zailagoa da talde bateko kide izateak dakarren konpromiso horri eustea.
“Ni hasi nintzen garaian entseatzeko genituen baldintzek eta gaur egungoek ez dute zerikusirik, asko hobetu da egoera”
Zein da zure lan egiteko funtzionamendua? Ba al du berezitasunik?
Zuzendaritzari dagokionaz gain, nik garrantzi handia ematen diot talde sendoa eratzeari eta entseatzeko giro ona izateari. Era berean, jotzen ditugun obrak erakargarriak izatea ere garrantzitsua dela esango nuke, taldekideak gustura eta gogoz etortzeko.
Oroitzapen asko izango dituzu bandarekin. Baina horietatik zein da zuretzat ahaztezinena?
Egia esan, zaila egiten zait bandarekin bizi izan ditudan oroitzapen guztien artean bat aukeratzea. Honako laurak azpimarratuko nituzke: 1994an, Euskadiko Banden Lehiaketa lehenengo aldiz irabazi genuenean; 2003an, Real Sociedad ligan bigarren geratu zenean, Anoetan Txapeldunen Ligako abestia zuzendu nuenean Debako Musika Banda eta Donostiako Orfeoiarekin batera, 15.000 lagunen aurrean; 2008an, Donostiako Jazzaldian Big Band formatuan eman genuen kontzertua eta, 2009an, Debako zezen plazan egin genuen emanaldia.
Zenbait lehiaketa ere irabazi dituzu Debako bandarekin. Zer suposatzen du horrek?
Hiru aldiz irabazi dugu Euskadiko Banden Lehiaketa: 1994an, 1996an eta 1997an. Horrek guztiak bandari sekulako arrakasta eman zion, Euskal Herri osoan Debako Musika Bandaren izena lau haizetara zabalduz. Gaur egun, ez da mota horretako lehiaketarik egiten, eta pena bat dela iruditzen zait.
Hainbat disko ere grabatu dituzu…
Diskoetxe batean hiru disko grabatu ditugu: Deba eta Sorozabal izan zen lehenengoa, 1997an, Pablo Sorozabal jaio zeneko mendeurrena ospatzeko; bigarrena, 2001ean, Donostiako Arriada izenekoa, Union Artesana elkartearekin; eta, hirugarrena, 2003an Debako Musika Bandaren 25. urteurrena zela eta grabatu genuen, herriko kanta esanguratsuenekin. Horiez gain, 2007an eta 2009an beste bi kontzertu ere grabatu genituen DVDan.
“Hiru aldiz irabazi dugu Euskadiko Banden Lehiaketa. Horrek guztiak sekulako arrakasta eta oihartzuna eman zion bandari”
Debakoaz gain, bestelako banda edo talde batzuk ere zuzentzen dituzu. Zertan aldatzen da lan egiteko modua batetik bestera?
Talde bakoitzaren beharretara egokitzea ezinbestekoa da. Abesbatzan, esaterako, partiturak berriak direnean, ahots ezberdinak banaka aritzen dira, eta guztiek partitura menperatzen dutenean elkartzen ditut. Bandan, ordea, elkarrekin ikasten ditugu partiturak. Hala ere, abestiak zehaztasunez ikasteko, egurra alde batetik, metala bestetik eta perkusioarekin ere egiten ditut entseguak batzuetan.
Etorkizunera begira zer proiektu dituzu esku artean?
Proiektu berrien bila nabil beti, zuzentzen ditudan taldeetako musikarientzat eta entzuleentzat interesgarriak eta ezberdinak izan daitezkeen emanaldiak eskaintzeko.
Zurea da azken hitza. Zerbait gaineratu nahi?
Elkarrizketa hau baliatuz, jende guztia animatu nahiko nuke herriko talde ezberdinetako kide izatera. Debako kultura galdu ez dadin eta taldeak desagertu ez daitezen, ezinbestekoa da eragile horietan parte-hartze zabala egotea. Gogoa eta ilusioa baldin badaude, inoiz ez da berandu gauza berriak ikasteko.