Zerk egiten du berezi San Roke ezpata-dantza?
Debako patroiaren omenez egiten den dantza da, nahiz eta uste den patroi izendatu aurrekoa izan daitekeela. Litekeena da santuaren omenez eraikitako ermitaren garaikoa izatea. Euskal Herrian ez dira asko bi ilaretan dantzatzen diren ezpata-dantzak (eta gainera ilara bakoitza bando ezberdinekoa izanda); bando bakoitzak bere kolorea du (gorria edo urdina), baina kapitainak bi bandoetako xingolak izaten ditu gurutzatuta. San Roke Egunean, zazpi bat aldiz dantzatzen dugu ezpata-dantza herriko toki ezberdinetan, pare bat orduz, baina dantza osoa birritan bakarrik dantzatzen dugu.
Ezpatarik gabeko ezpata-dantza da gurean, ezta?
Hasieran ezpatekin dantzatzen omen zen eta 1884an oraindik ere erabiltzen omen ziren, baina denborarekin makilek beren tokia hartu zuten eta, harrezkero, zinta zuri-gorriz apaindutako makilekin dantzatzen dugu.
1967-68 urteetan parte-hartzea izan ondoren, 46 urte beranduago (2013an) hasi ziren emakumeak berriz ere herriko San Roke ezpata-dantzan parte hartzen…
Bai, taldeak eta bertan geunden emakumeok lanketa handia egin genuen emakumeek presentzia izan zezaten. Aurretik zeudenen eta orduan geundenon artean lantaldea sortu eta, adituen laguntzaz, lanketa egin ostean lortu genuen emakumeok berriz ere San Roke ezpata-dantzan aritzea. Gaur egun, bermatuta dago gure presentzia.