Atari digitalean zein paperean, Deba eta Itziarri buruz informatzen jarraituko du Berriketan-ek 2023-2024 ikasturtean ere, gertutasunez eta euskaraz. Paperezko hurrengo aldizkaria irailaren 29an kaleratuko da eta horren atzetik etorriko dira beste 10.
Era berean, euskalgintzan eta kulturgintzan ohikoak dituen egitasmoak abiatuko ditu Zuhatzak datozen asteotan, hala nola Mintzalaguna programa edo gazteei zuzendutako euskarazko literatur lehiaketa. Eta, betiko legez, besteak beste, parte-hartze zuzena izango du irailaren 30ean egingo den Euskal Jaian ere.
Ospakizun bikoitza
Gainera, hilabete berezia izango da iraila elkarteko kideentzat, bestelako ospakizun batzuetarako tarterik ere izango baita. Izan ere, 25. urtemuga borobila betetzen du aurten Berriketan-ek; 1998. urteko abuztuan argitaratu zen euskarazko aldizkariaren lehen zenbakia, eta ordutik 286 ale kaleratu ditu paperean. Mende laurdeneko ibilbidea ospatzeko aukera izango da irailaren 15ean, eta laster emango dute egitarau zehatzaren berri.
Bestalde, astebete beranduago, hilaren 22-23ko asteburuan, Zuhatza Kolore Anitz Aisialdi Taldearen 10. urtemuga ospatuko da. Aurrez euskal udalekuetan aritutako hainbat gazte hezitzailek eta Zuhatza elkarteak elkarlanean sortu zuten taldea orain hamar urte, betiere haur eta gazteen artean euskarazko aisialdia sustatzeko helburuz. Ordutik lanean aritu da taldea, eta bide beretik jarraitzeko asmoa du. Urteurrena jai giroan ospatzeko asmoa dutela aurreratu dute, eta egun gutxi barru ezagutaraziko da egitarau berezia.