Beste urte batez, publikoaren, zinemagileen, industriako profesionalen eta artisten topagunea izango da Animadeba. Antolakuntzak jakitera eman duenez, munduko 83 herrialdetatik 1.057 lan jaso dituzte eta horietatik 80 baino gehiago proiektatuko dituzte jaialdian. Zehaztu dutenez, epaimahaiak Euskal Herriko, Ingalaterrako, Ameriketako Estatu Batuetako, Txekiako, Irlandako, Indiako, Italiako, Alemaniako, Portugalgo, Txinako, Israelgo, Hungariako, Irango edota Suitzako 22 ekoizpen hautatu ditu jaialdiaren bi zutabe diren sailetan parte hartzeko: hamar film labur lehiatuko dira Sail Nagusian eta Zuzendari Berriak UPV-EHU Sailean, aldiz, beste hamabi.
Urtero modura, Sail Nagusia izango da Nazioarteko Animazio Zinemaldiaren eskaintzaren plater nagusia. Ostiralean eta larunbatean (irailak 8-9), Sail nagusia I eta Sail nagusia II saioetan banatuta, proiektatuko dira Sail Nagusian parte hartuko duten animaziozko film laburrak. Sail horretan bi lan nabarmendu dituzte: 2022ko Annecy-ko jaialdian film labur onenaren saria eraman zuen Amok film labur hungariarra eta Aitor Irulegi euskaldunaren Kusikozu film laburra.
Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Animadebaren arteko lankidetzari esker, aurten ere zuzendari berriei propio eskainitako Zuzendari Berriak UPV-EHU atala ere izango du. Munduko animazio eskola ospetsuenetako ikasleek egindako film laburrak ikusi halako dira, eta saileko lanen estreinaldia asteartean (irailak 5) izango da Donostiako San Telmo Museoan, Animadeba OFF izenpean.
Animazio industria ezagutaraztea eta bultzatzea helburu duen Work in Progress atala ere nabarmendu dute antolatzaileek. Enbrioi fasean edo garapenean dauden animaziozko film labur eta telesailen aurkezpenak jarraitzeko aukera izango sail horretan, eta aurreratu dutenez, 24 film proiektatuko dituzte sail horretan. Iaz, gainera, amaitu gabeko filmeei eta bideojokoei zuzendutako kasu-azterketak izeneko saila estreinatu zuen, eta aurten ere jarraipena emango diote; guztira, hamabi kasu-azterketa egingo dituzte.
[Ikusi HEMEN Animadeba zinemaldiaren baitan antolatutako ekimen sorta]
Beste sail batzuk ere baditu jaialdiak. Panorama Sailean, esaterako, lehiaketaz kanpo geratu diren hainbat film ikusteko aukera egongo da. Aurten, Creepy Night (beldurrezko gaua) izena izango du sailak, eta bertan beldurrezko generoan sailkatzen diren 11 film labur proiektatuko dituzte. Lehiketatik kanpo, gainera, ume zein helduentzako film luzeak egongo dira ikusgai. Besteak beste, aurkitutako eta zaharberritutako animaziozko filmeei buruz hitz egiten duen Locos por la animacion dokumentala proiektatuko dute aurten.
Film luzeen artean, gainera, Alain Ughetto zinemagile frantziarraren Interdit aux chiens et aux italiens eta besteren artean 2023ko Goya sarietan Animaziozko Film Onenaren saria jaso zuen Unicorn Wars lanaren euskarazko bertsioa ere proiektatuko dute. Haurrentzako bereziki zuzendutako lanen artean, aldiz, Animest Zinemaldian eskainitako filmak, Alan giza antena eta Yuku eta Himalayako Lorea ikusi ahal izango dira.
[Ikusi HEMEN Animadeba zinemaldiaren baitan antolatutako ekimen sorta]
Aurten, berrikuntza gisa, bideojokoen eta teknologia berrien sektoreari eskainitako tarte bat estreinatuko dute: Animadeba LAB. Aurten aztertuko den gaia Adimen Artifiziala izango da eta, tartean, bideojoko independente bat egiteko moduari buruzko hitzaldi bat ere egongo da. “Atal honi lotuta, bideojokoen eta teknologia berrien esparrua zinemaldian integratzea da Animadebaren apustu berria”.
Sarrerak eta bonuak. Sarrerak eskuragarri daude jada Animadebaren atarian eta irailaren 7tik 9ra, gainera, Kutxa Zurian ere eskuratu ahal izango dira sarrerak. “Ohiko sarreraren prezioa 4 eurokoa izango da. Programazio osoaz gozatu nahi dutenentzat, gainera, bonuak ere izango ditugu eskuragarri”.
EGITARAUA
- Irailak 6, asteazkena
- 18:00. Locos por la animacion dokumentalaren estreinaldia eta solasaldia Luciano Berriatuarekin, Kutxa Zurian.
- 21:00. Peru Galbeteren musika emanaldia, klaustroan.
- 22:30. Amarradas eta Interdit aux chiens et aux italiens film laburren proiekzioa, Kutxa Zurian.
- Irailak 7, osteguna
- 10:00. WIP Talentu Berriak. Work In Progress saila Zinema industria, Kultur Elkartean.
- 11:00. Animadeba LAB. Bideojoko independenteen garapena hitzaldia Gorka Garcia Garridoren eskutik, Kultur Elkartean. Sarrera: 5 euro.
- 16:00. WIP Profesionalak. Work In Progress saila Zinema industria, Kultur Elkartean.
- 17:00. Animest Nazioarteko Jaialdia. Haurrentzako film laburrak, Kutxa Zurian. Sarrera: 4 euro.
- 19:00. Zuzendari Berriak UPV-EHU saileko film laburren proiekzioa, Kutxa Zurian. Sarrera: 4 euro.
- 20:30. Mikel Morenoren musika emanaldi akustikoa, Kutxa Zuriko terrazan.
- 22:00. Unicorn Wars film luzearen proiekzioa, Kutxa Zurian. Sarrera: 4 euro.
- Irailak 8, ostirala
- 10:00. Mugi-geldi stop-motion tailerra jostailuekin Luzaroko ikasleentzat, Agirre Jauregiko Ispiluen gelan.
- 10:00. Animadeba LAB. Eta honek niri zertarako balio dit? animazioari aplikatutako IA tailer praktikoa Javi de la Chicaren eskutik, Kultur Elkartean. Sarrera: 5 euro.
- 11:00. Alan giza antena film luzearen proiekzioa Luzaroko ikasleentzat, Kutxa Zurian.
- 16:00. Animadeba LAB. Irudi finkorako IA sormen prozesuak hitzaldia Niko Vazquez eta Kote Camachoren eskutik, Kultur Elkarteko liburutegian. Sarrera: 5 euro.
- 17:00. Signe Baumanen atzera begirakoa (film laburren proiekzioa eta gonbidatu bereziarekin solasaldia), Kutxa Zurian. Sarrera: 4 euro.
- 17:30. Animadeba LAB. Stable Diffusion XL: Kode irekiko irudia mugimenduan hitzaldia Hurko Mendiguren eta Gorka Garciaren eskutik, Kultur Elkarteko liburutegian. Sarrera: 5 euro.
- 18:00. Debako sortzaileen Animadeba Market, Zumardian.
- 19:00. Sail Nagusia I (film laburren proiekzioa), Kutxa Zurian. Sarrera: 4 euro.
- 20:00. Alvy singer & Feten DJak, Kutxa Zuriko terrazan.
- 22:00. Panorama saila. Creepy Night (film laburrak) eta Rumbling Lips (musika emanaldia), Kutxa Zurian. Sarrera: 4 euro.
- Irailak 9, larunbata
- 10:00. Cut-out Animazio Erregistro Digitala. Animazio tailerra Unaitxoren eskutik, Kultur Elkarteko liburutegian.
- 11:00. Kasu-azterketa. Zinema industria, Kutxa Zurian. Sarrera: 4 euro.
- 17:00. Yuku eta Himalaiako lorea haurrentzako film luzea Debako Ipuin Kontalarien eskutik, Kutxa Zurian. Sarrera: 4 euro.
- 18:00. Debako sortzaileen Animadeba Market, Zumardian.
- 19:00. Sail Nagusia II (film laburren proiekzioa), Kutxa Zurian. Sarrera: 4 euro.
- 20:00. Divina Comediaren Bingooooooa! ikuskizuna, Kutxa Zuriko terrazan.
- 22:00. Sari banaketa gala eta My love affair with marriage film luzearen proiekzioa, Kutxa Zurian. Sarrera: 4 euro.