Martxan dago jada Iruleak Emakume Pilotariak antolatutako Nesken XI. Pala Txapelketa-VIII. Maite Etxeberria Memorialean izen ematea. Txapelketa, ohi bezala, binaka jokatuko da eta antolakuntzak jakitera eman duenez, bi maila egongo dira aukeran: 1. maila eta 2. maila.
Parte hartu nahi duten 16 urtetik gorako palistek igandera (irailak 10) arteko epea izango dute izena emateko. Antolatzaileek zehaztu dutenez, 685 75 50 74 telefono zenbakira deitu edo idatzi beharko dute interesa dutenek, eta 30 euro ordaindu bikoteko. Banaka zein bikoteka izena eman daiteke, zein mailatan parte hartu nahi den zehaztuz. Hori bai, ohartarazi dute bi federatuk ezingo dutela bikotea osatu.
Aurreikuspenen arabera, urrian, azaroan eta abenduan jokatuko da txapelketa. Iragarri dutenez, ostegun eta igandetan jokatuko dituzte partidak, Aldats pilotalekuan.