Geoparketik jakinarazi dutenez, azken kanpaina arkeologikoan garbiketa lanetan aritu behar izan du lantaldeak, ingurua txukunduz eta materiala ordenatuz, izan ere, espoliazio handia jasan duen kobazuloa baita Ermitia. Bi kata berri ere egin dituzte, eta Kristo aurreko 15.000-20.000 urte bitartean eman zen Madeleine aldiko (Mendebaldeko Europako Goi Paleolito amaierako kultura arkeologikoa) aztarnak aurkitu dituzte bertan. Kanpaina “oparoa” izan dela azpimarratu dute.
Besteak beste, Azkoitiko Munibe arkeologia taldeko Juan Mari Arruabarrenak, Aranzadi Zientzia Elkarteko Xabier Peñalver arkeologoak, eta UPV/EHUko Jose Antonio Mujika arkeologoak egin dute indusketa. “Jose Migel Barandiaranek joan den mendeko 20ko hamarkadan abiatutako ikerketari jarraipena eman dio lantaldeak, honenbestez”, nabarmendu dute.
Geoparkearen lurraldean aztarna arkeologikoak dituzten 20 haitzuloetako bat da Ermitia; Praileaitz, Langatxo eta Iruroin bezalaxe, Historiaurreko Bailaran kokatzen da. Kantauriar arkuko Paleolito garaiko aztarnategien kontzentrazio eta dentsitate handiena du Deba bailarak.
“Lurraldeko haitzulorik emankorrenetakoa da, material asko pilatu baita urteen poderioz. Kokaleku honetako bizilagunak ahuntz-ehizan espezializatuta zeuden, nahiz eta oreinak eta sarrioak ere ehizatu. Bertan aurkitutako hortz, haga eta hezurrezko industria-aztarnak askotarikoak eta ugariak dira: ehizarako armak, puntzoiak, espatulak, orratzak… Hartzen arrastoak ere identifikatu dituzte Ermitian”, ohartarazi dute Geoparkeko kideek.
Gaineratu dute “Gipuzkoako aztarnategi paleolitiko garrantzitsuenetako bat” dela Debakoa. “Bertan bizi izan ziren gure arbasoak luzaroan, hasi Erdi Paleolitikoan eta erromatarren garaira arte, denbora-erregistro horren guztiaren aztarnek erakusten duten gisan”.