24 lagunek parte hartu zuten Debako Udalaren, Cardenas Fundazioaren eta Haitz Haundi elkartearen ekimenez antolatutako 54. kale margo lehiaketan, eta horietako 23k aurkeztu zituzten euren lanak epaimahaiaren aurrean.
Udalak jakinarazi duenez, lehian izan ziren margolan guztiak udaletxeko osoko bilkuren aretoan egongo dira ikusgai irailaren 17ra (igandera) bitartean, ondoko ordutegian: astelehenetik larunbatera 18:00etatik 20:00etara, eta igandean 12:00etatik 14:00etara.
Blanca Vilallonga, Amaia Etcheverry, Jose Felix Igartua, Baroja Collet, Ana Salegi eta Potxo Onaindia aritu ziren epaile lanetan sariketan eta aho batez erabaki zituzten aurtengo irabazleak. Hauxe da irabazleen zerrenda:
- Lehenengo saria (800 euro): Ricardo Azkargorta (Bergara).
- Bigarren saria (500 euro): Iker Mugarra (Ugao).
- Hirugarren saria (350 euro): Javier Igoa (Lesaka).
- Saritu gabeko herriko lehen sailkatua (250 euro): Jaime Zamakola.
Cardenas Fundazioak eskainitako sari bereziak, berriz, honakoak izan ziren:
- Laugarren saria (200 euro): Jose Miguel Arranz (Erandio).
- M. Esperanza Chavarri saria, saritu gabeko akuarelarik onena (300 euro): Martin Garmendia (Bergara).
- Marques Prado Ameno saria (21 urtetik beherako gazteentzat), saritu gabeko lanik onena (150 euro): Irati Uzkudun (Elgoibar).
- Blanca Vilallonga saria –itsasoa gaitzat duen eta lehendik saritu gabeko lanik onena– (300 euro): Yohana Soldevilla (Viana).