Lau egunen ostean, amaitu da XVI. Animadeba Nazioarteko Animazio Zinemaldia eta, horrekin batera, eman dira jakitera aurtengo irabazleak ere. Irailaren 6tik 9ra, guztira, 22 ekoizpen izan dira jaialdiaren zutabe diren bi sailetan (Sail Nagusia eta Zuzendari Berriak UPV-EHU Saila) parte hartzen, eta horien artean Balasz Turai hungariarraren Amok film laburra nagusitu da.
Ligia Soare Bucaresteko Animest Zinemaldiko programatzaileak eta Signe Baumane eta Carmen Cordoba zinemagileek osatutako epaimahaiak Amok “irudi original batekin biribildutako” film laburra dela azpimarratu du eta “istoriaren indarra” goraipatzearen batera, “emakumea biktima roletik aparte” erakusten duela.
Sari banaketa ekitaldiko beste irabazlea Pickles film labur israeldarra izan da. Ania Kaspi Shema eta Miri Dochikian israeldarrek zuzendutako lanak gidoi onenaren saria eta Euskal Herriko zenbait zineklubek banatzen duten K-Saria bereganatu ditu. Epaimahaiaren iritziz, “oharkabean” gera ezin den eta “ondo idatzitako” istorioa pantailaratu dute egileek. “Gaur egun puri-purian dauden gaiak modu xume eta arantzatsuan azaleratzen ditu, eta solasaldi interesgarriak emango dizkigulakoan gaude”, zehaztu dute.
Epaimahaikideen aipamen berezia, berriz, Rich Farria zuzendari britainiarraren From the top film laburrarentzat izan da. Animazioan oinarritutako “ahots berri bat” azpimarratu du epaimahaiak. Zuzendari Berriak UPV-EHU saria, aldiz, The silence scream lanarentzat izan da. Camille Anne, Julie Vandenbergue, Martin Laurent, Elisa Torris, Camille Leroy eta Lucas Foutrier frantziarrek zuzendutako lanak “norbere ahotsa ezin entzunarazteari buruzko beldur unibertsala” modu “berritzailean” adierazten duela ebatsi du epaimahaiak.
Ikus-entzuleek boto bidez emandako Publikoaren saria, azkenik, La notte film laburrak eskuratu du. Publikoaren aurtengo lanik gustokoena Martina Generali, Simone Pratola eta Francesca Sofia Rosso italiarrek zuzendutakoa izan da.
Work In Progress sailean, berriz, Niko Vazquez eta Kote Camachoren Bilbo berriro gris proiektuak jaso du euskarazko proiektu onenaren Berria saria
Beste errekonozimenduak. Work In Progress deituriko sailean, bestalde, enbrioi fasean edo garapenean dauden animaziozko film labur eta telesailen aurkezpenak jarraitzeko aukera egon da. Miren Aperribay, Vanesa Fernandez eta Edu Elosegi epaimahaikideek hiru lan azpimarratu dituzte. Talentu berriak saria Gala Sainz de Murietak zuzendutako Bi color proiektuarentzat izan da. Mugimenduan, kolorean eta soinuan marrazki bizidunak eskaintzen dituen aukerak “sormenez” erabiltzeagatik saritu dute lana, baita maskotaren eta jabearen arteko harremana transmititzen duen “narratiba sentibera eta hunkigarria” lantzeagatik.
Work In Progress saria, aldiz, Kaila Cepeda Satan eta Felix Loche Uzurrunzagaren Sacha proiektuarentzat izan da. Epaimahaiaren iritziz, “oso ondo pentsatutako eta diseinatutako” saila da eta “modu unibertsal batean hausnarketarako gonbidapena” egiten du. Berria saria, azkenik, Niko Vazquez eta Kote Camachoren Bilbo berriro gris proiektuak jaso du. Teknologia berrien onurak baliatuz, euskarazko proiektu onenaren saria jaso duen lanak Bilboko historia eta gizartearen berrirakurketa iradokitzailea planteatzen duela nabarmendu du epaimahaiak. Bilbo hirian “euskararen aldarrikapena ere” jasotzen dela gaineratu dute.
Hainbat sailetan ikusi ahal izan diren lanak Film In plataforman ikusteko aukera dago irailaren 30era arte
Sari banaketaren ostean, eta aurtengo jaialdiari itxiera emateko, “ibilbide oparoa” duen Signe Baumane gonbidatu bereziaren My love affair with marriage bigarren film luzea proiektatu zuten. Kutxa Zurian proiektatutako lana Europako film onenaren sarirako izendatu zuten, eta nazioarteko sari ugari ere jaso ditu: besteak beste, Annecy jaialdian epaimahaiaren sari berezia eta 2023ko Zagrebeko zinemaldiko sari nagusia eskuratu ditu. Ekitaldian, gainera, Baumanek Euskal Makila saria ere jaso zuen; oroigarria Aitor Oñederra Animadebako zuzendariaren eskutik jaso zuen.
Animadeba amaitu bada ere, zaleek jaialdian ikusgai egon diren animaziozko filmeez gozatzeko aukera izango dutela gogora ekarri dute antolatzaileek. Animadeba 2023ko Sail Nagusia, Zuzendari berriak eta Panorama sailetako lanak Film In plataforman ikusteko aukera egongo da irailaren 30era arte.
PALMARESA
Sariak
- Film onenaren saria: Amok (Balazs Turas; Hungaria).
- Gidoi onenaren saria: Pickles (Ania Kaspi Shema eta Miri Dochikian; Israel).
- Aipamen bereziaren saria: From the top (Rich Farris; Erresuma Batua).
- Zuzendari Berriak UPV-EHU saria: The silence scream (Camille Anne, Julie Vandenbergue, Martin Laurent, Elisa Torris, Camille Leroy eta Lucas Foutrier; Frantzia).
- Publikoaren saria: La notte (Martina Generali, Simone Pratola eta Francesca Sofia Rosso; Italia).
- K-Saria: Pickles (Ania Kaspi Shema eta Miri Dochikian; Israel).
Work In Progress saileko sariak
- Talentu berriak: Bi color (Gala Sainz de Murieta)
- Work in progress: Sacha (Kaila Cepeda Satan eta Felix Loche Uzurrunzaga).
- Berria saria: Bilbo berriro gris (Niko Vazquez eta Kote Camacho).