Euskal Herriko beste hainbat tokitan bezala, Deban ere Marokora laguntza bidaltzeko antolatzen hasi dira herritarrak. Aurreko asteburuan izandako lurrikarak kalte handiak sortu ditu, hori dela eta, ezer gabe gelditutako pertsonei laguntzeko egitasmoa abiatu dute. Kanpainaren antolatzaileen arabera, oinarrizko beharrak asetzeko materiala batuko dute Deban. Besteren artean, honakoak behar dituzte: heldu eta adingabeentzako arropa eta zapatak, mantak, sendagaiak (bendak eta analgesikoak, esaterako) eta linternak pilekin.
Norbaitek laguntza eman nahiko balu, Itur kaleko 24. zenbakian dagoen Pakea-Deba meskitara zuzendu beharko du larunbatean (irailak 16) eta igandean (irailak 17). Zehaztu dutenez, 10:00etatik 14:00etara egongo dira materiala biltzen.
Joan den ostiralean (irailak 8), 6,8 graduko lurrikarak Marrakexko (Maroko) hego mendebaldeko eremua gogor astindu zuen; Ighil udalerrian izan zen epizentroa, Atlas Garaian. Marokoko gobernuak azken orduetan emandako datuen arabera, gutxienez 2.950 hildako eta 5.600 zauritu zenbatu dituzte dagoeneko. Lurrikararen ondorioz, gainera, asko etxerik gabe eta “egoera tamalgarrian” gelditu dira.