Zubi eta Mogel guraso elkarteekin batera, Gozatuz aisialdi programa antolatu du beste urte batez Debako Udalak. Euskara oinarri hartuta, haur, gazte eta helduentzako askotariko jarduerak izango dira aukeran, eta antolatzaileek azpimarratu dutenez, emaitzari baino, “prozesuan sortuko diren emozioei eta bizipenei” emango diete garrantzia.
Iragarri dutenez, denetara, hamar ikastaro eskainiko dira: lau, 16 urtetik beherakoentzat eta, beste sei, 16 urtetik gorakoentzat. Lehenengo multzokoek, zehazki, aisialdi anitza, pintura eta sukaldaritzarako trebetasunak landuko dituzte eta bigarren multzokoek, berriz, aisialdi anitza, antzerkia, argazkilaritza, pintura, zizelkatze eta zeramikan sakontzeko aukera izango dute.
Bateko zein besteko ikastaroetan izena emateko azken eguna irailaren 19a da. Matrikula egiteko fitxa udaletxeko harreran, turismo bulegoan edo udal liburutegian eskuratu daiteke, eta bete ondoren, hiru leku horietako batera bueltatu. Nahiago dutenek, gainera, Internet bidez ere egin dezakete eskakizuna. 16 urtetik beherakoei eskainitako ikastaroren batean izena eman nahi dutenek HEMEN klikatu dezakete eta helduentzako ikastaroetan izena eman nahi dutenek, HEMEN.
Gogorarazi dute taldeak aurrera egiteko, ezinbestekoa izango dela, gutxienez, zortzi pertsonako taldeak osatzea. “Izena ematerako orduan sartu borobil batean egin nahi dituzuen jarduerak eta ordutegiak; zenbat eta aukera gehiago markatu, taldea osatzeko aukera gehiago izango da”. Informazio gehiago jaso edo zalantzak argitzeko 943 60 80 48 telefonora deitu daiteke.