Herri komunikabideko lantaldeko kideek, kolaboratzaileek eta boluntarioek, Zuhatza Euskara Elkarteko zuzendaritza taldeko kideek eta hilabetekariaren bueltako lagunek eta beste hainbat euskaltzalek parte hartu zuten ostiralean 25 urte Berriketan lelopean egin zen ekitaldian. 19:00ak pasata hasi zen ospakizuna, eta ordurako aldizkariaren azken 25 urteotako bilakaera laburbiltzen duen erakusketa ikusten zebilen jendea.
Bertan ikusgai zeuden eta aldizkariaren hastapenen lekuko diren hainbat argazki zaharrek, artxiboko liburukiek eta beste hainbat ale gogoangarriek, kazetariek hainbat urtez erabilitako materialak, aldizkaria nola inprimatzen denari buruzko azalpenek eta abarrek askoren arreta bereganatu zuten.
Bi ordu inguru iraun zituen ekitaldian bertsoak eta musika ere ez ziren falta izan. Oholtza gainera igotzen lehena Antton Aizpurua bertsolaria izan zen. Aldizkariari eskainitako kopla “hunkigarri” batekin eman zion hasiera ofiziala ekitaldiari. Ondoren, Joseba Escudero Zuhatza Euskara Elkarteko zuzendaritzako kideak hartu zuen hitza.
Aldizkariaren ibilbidea errepasatu zuen Escuderok eta, nola ez, Berriketan hilabetero irakurleen eskuetan izateko bidelagun izandakoen laguntza ere eskertu zuen. “Modu batean zein bestean parte hartu duzuenok, argazkiak ateratzen, idatziak prestatzen, kolaboratzaileak proposatzen, elkarrizketak egiten, publizitatea lotzen, zuen iragarkiak jartzen, maketatzen, pegatak ipintzen, aleak banatzen… ibili zareten guztiok eta, ahaztu gabe, ezinbesteko irakurleok. Den-denok izan zarete beharrezko Berriketan-en 25 urteotako historian”.
[Ikusi ZUZENEAN ekitaldiko ARGAZKIAK]
Zuzendaritzako kideak gogora ekarri zuenez, azken 25 urteotan herriko hainbat gertakariren lekukoa izan da hedabidea, “eta beste mende laurden bate ere, gutxienez, zuokin guztiokin jarraitu nahi dugu bidea egiten”. Amaitzeko, etorkizuna “erronkez josita” datorrela ere eman zuen aditzera.
Escuderoren hitzen ondotik, Miren Artetxe eta Alex Turrillas musikariek hiruzpalau kanturen bertsioak abestu zituzten eta, horren ostean, mokaduren bat edo beste jan eta eztarriak bustitzeko aukera ere eduki zuten bertan bildu zirenek. Urtebetetze festa guztietan falta ezin den tarta ere moztu zuten elkarteko arduradunek, Zorionak, zuri abesten zuten bitartean. Ekitaldia biribiltzeko, Bergarako Harria taldearen zuzenekoarekin gozatzeko aukera izan zuten bertaratuek.