Eskaintza horren artean, merkataritza arloko profesionalei zuzendutako Dendaketan izeneko ikastaro laburra egiteko aukera egongo da. Bezeroekiko harremanetan euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin sortutako ikastaroaren bultzatzaileek aurreratu dutenez, jolas “didaktiko” moduan prestatu dute materiala. “Jolasaren bidez simulatzen dira merkataritzako komunikazio jarduerak, ikaslea modu atseginean murgiltzeko euskaran”.
60 orduko iraupena du ikastaroak, eta eskolak euskaltegian bertan emango direla eta ordutegia beharren arabera moldatu daitekeela jakitera eman dute. Matrikularen zenbatekoa 89 eurokoa bada ere, beka lortzeko aukera egongo da. Beka eskatzaileek honako baldintzak bete beharko dituzte: %80ko gutxieneko asistentzia izatea, ikastaroa bukatzea eta ikastaroaren aprobetxamendua ziurtatzea. Baldintza horiek guztiak betetzen dutenek 25 euro ordainduko dituzte.
“Hobeto eta errazago” hitz egiteko, “hobeto” idazten eta irakurtzen ikasteko, seme-alabei eskolako lanetan laguntzeko eta horien “eredu” izateko nahiarekin, berriz, gurasoentzako euskara ikastaroak ere antolatu dituzte. 0-12 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoek matrikularen erdia ordainduko dute eta hainbat baldintza betez gero, eskatzaileei ordaindutako matrikularen %50a itzuli zaie beka gisa.
Beste herrialde batzuetatik datozen herritarrei lehen urratsak euskaraz emateko helburuarekin, berriz, AISA harrera ikastaroa ere antolatu dute. 60 orduko iraupena du ikastaroak, eta helburua da euskararekin harremanik izan ez dutenek euskara eta hizkuntza ikastea. “Ikastaroa oso oinarrizkoa, azkarra eta dinamikoa da”. Ikasleek, besteak beste, agurrak, aurkezpenak, zenbakiak eta egunerokoan baliagarri diren beste hainbat kontzeptu ikasteko aukera izango dute. “Ariketak, batez ere, gai horien hiztegian oinarritzen dira, baita ere hizkuntzaren oinarrizko ulermenean”.
Euskaltegian bertan emango dira eskolak, eta ordutegia parte hartzen duten ikasleen arabera molda daiteke. Matrikularen zenbatekoa 54,50 eurokoa bada ere, udalak bere gain hartuko du kuotaren zati bat (29,5 euro); hortaz, 25 eurokoa izango da ikasleentzako azken prezioa. Gizarte laguntza jasotzen dutenek, berriz, azken prezio horren erdia (12,5 euro) ordainduko dute.
Euskara ikastaroei buruzko informazio gehiago nahi dutenek udal euskaltegira (Ifar kalea 12, behea) bertaratu edo 943 19 22 36 telefono zenbakira deitu dezakete.