Ikasturte berria estreinatzearekin batera, datozen asteotan Kultur Elkarteko areto nagusian proiektatuko dituzten filmen aurkezpena ere egin dute. Igandean (irailak 24), esaterako, Sublime filma ikusteko aukera izango dute zinemazaleek; 19:00etatik aurrera proiektatuko dute iazko Sebastian Latino Sariaren irabazlea. Emanaldia, gainera, beti bezala doan izango dela gogorarazi dute, eta herritar guztiak proiekzioa ikustera gonbidatu dituzte.
Antolatzaileek iragarri dutenez, Argentinako LGTBI+ kolektiboko pertsonen errealitatea gertutik ezagutzen duen Alirio Peña LGTBI+ aktibistaren testigantza jasoko dute proiekzioaren ondoren. Peñak urte asko daramatza aktibismoa sustatzen eta, LGTBI+ zinema jaialdien programatzaile gisa egindako lanari esker, kolektiboaren eskubideen aldeko borroka ikustaraztea lortu duela azaldu dute. “Gizartea eraldatzeko tresna gisa, ezkutuko edo ikusezin bihurtutako errealitateetara hurbiltzeko aukera ematen digu zineak”.
Denboraldi berria aurkeztearekin batera, zineklubeko bazkideentzat prestatu duten programazioaren berri ere eman dute. Urtea amaitu bitartean, besteak beste, honako filmak proiektatuko dituzte: 20 mil especies de abejas; Tar; Adios señor Haffman; El gran Maurice; El caftan azul; Armageddon time; Missing; Araña sagrada; La maternal; The quiet girl, Irati, El triangulo de la tristeza eta Un año, una noche.
Bazkide kanpaina. Bazkide egiteko aukera zabalik dagoela ere gogorarazi dute. 10 euroko ekarpenaren truke, urte osoan eskaintzen dituzten filmak doan ikusi ahal izango dituzte bazkideek. Zehaztu dutenez, izena emateko nahikoa da igandeetan eskaintzen duen saioetako bat hasi aurretik Kultur Elkartera agertzea. Bazkide egiten diren guztiek, ondoren, WhatsApp bidez jasoko dute programazioari buruzko informazio guztia.