Sastarrain bailarako landaredia ezagutzera emateko bisita gidatua antolatu du Ekainberrik

Berriketan 2023ko ira. 29a, 08:56

Ekain lurraldea alderik alde zeharkatu duen ekintza larunbatean (irailak 30) egingo dute, Ice Age Europe astearen barruan. Aurrez izena emateko eskatu dute antolatzaileek.

Gizakiaren jarduerak Sastarrain bailarako paisaia nola aldatu duen aztertuko dute larunbatean Zestoan egingo den ibilaldian. Ekainberri museoko iturriek zehaztu dutenez, duela 14.000 urte Debako Ekain leizeko labar pinturak margotu zituzten garaira atzera egin, eta ordutik hona zer nolako eboluzioa egon den azalduko dute, orduko eta gaur egungo Ekain lurraldea alderatuz. “Ibilaldian topatuko dugun landaretza aztertuko dugu, eboluzioa eta egungo gizarteak inguruko bioaniztasunean duen eragina hobeto ulertzeko”.

Ekainberri museoa, hain zuzen, Izotz Aroarekin harremana duten Ice Age Europe historiaurreko museo sareko kidea da eta, jakitera eman dutenez, Ice Age Europe astearen barruan antolatu dute larunbatean oinez eta euskaraz egin ahal izango den bisita gidatua. 10:00etan ipini dute hitzordua, museoak publikoarentzat arreta eta sarrera salmenta duen bulegoaren parean (Portale kalea, 1) eta, iragarri dutenez, gaian aditua den gida espezializatu baten laguntzarekin egingo dute ordu eta erdi inguru irauten duen bisita gidatua; oinetako erosoak eta eguraldiaren araberako arropa eramatea gomendatu dute antolatzaileek.

Jarduera doakoa da, baina aurrez izena emateko eskatu dute antolatzaileek. Parte hartzeko interesa dutenek 943 86 88 11 telefono zenbakira deitu edo info@ekainberri.com helbide elektronikora mezu bat idatzi beharko dute; ostirala (irailak 29) da horretarako azken eguna.