Giro beroa eta umore ona izan dira aurtengo Euskal Jaiaren protagonista nagusiak

Berriketan 2023ko urr. 2a, 13:41

16,5 puntu lortuta, Koadri taldeak irabazi du XI. Marmitako lehiaketa. Epaimahaikideek “maila oso altua” egon dela azpimarratu dute.

Eguraldia lagun, sekulako giroa egon da asteburuan Deban ospatu den Euskal Jaian. Egun handia larunbatean (irailak 30) izan bazen ere, bezpera (irailak 29) iluntzean ere zer ospatua egon zen. Kalean Kantuz taldeak, esaterako, kantu herrikoiak abesten ipini zituzten ordu horretan kalean zebiltzanak. Pilota zaleek, berriz, Aldats pilotalekuan izan ziren partidekin gozatu ederra hartzeko aukera izan zuten.

Baserritar jantziak soinean, larunbat goizean goizetik festa giro berezia nabaritzen zen herriko kaleetatik zehar. Eguneko hitzordurik goiztiarrena XI. Marmitako lehiaketa izan zen. Aurtengo lehiaketara aurkeztu diren bost taldeetako sukaldariak estalitako pasealekuan batu ondoren, epaimahaiari marmitako plater bat aurkezteko lau ordu eta erdiko tartea eduki zuten.

Eguna aurrera joan ahala, tenperaturak eta jai giroak gora egiten jarraitu zuten. Eguerdi aurreko uneak Kalez Kale txistulari taldekoek eta Zubietako joaldunek alaitu zituzten. Gure Kai euskal dantza taldeko eta Musika Eskolako dantzarien eguerdiko emanaldiak ere herritar dezente batu zuen. Hiru geldialdi egin zituzten, eta guztietan bertsiorik onena erakutsi zuten: lehena Simon Berasaluze Plazan egin zuten, bigarrena Plaza Zaharrean eta azkena, eta bereziena, Foruen Plazan.

Euskal Jaiko beste hitzordu jendetsuetako bat Aldats pilotalekuan egindako bazkari herrikoia izan zen. Zuhatza Euskara Elkarteak antolatutako otorduari, ohi modura, harrera bikaina egin zieten herritarrek; adin guztietako 500 lagunetik gora batu zituen, giro eder eta euskaldunean. Bapo bazkaldu ondoren, Irrintzi Txapelketari hasiera eman zioten. Irrintzia “euskal kulturaren eta nortasunaren ezaugarrietako bat” dela iritzita, eta horren aldeko “apustu berezia” eginez, lehiaketa estreinakoz egitarauan txertatzea bururatu zaie aurtengo bazkariko antolatzaileei. Guztira, hamar lagun aurkeztu ziren eta horietan onena Mirari Oñederraren irrintzia izan zela erabaki zuen epaimahaiak.

Mirari Oñederra Irrintzi Txapelketaren irabazlea, Zuhatzak oparitutako saskia eskuetan.

Epaileek, ordea, ez zuten irabazlea hautatzeko lan erraza eduki. Irrintziaren doinua, iraupena, amaiera eta indarra kontuan hartuta, berdinketa egon zen Mirari Oñederraren eta Itziar Aldalurren artean, eta berriro errepikatu behar izan zuten irrintzia. Bigarren bat bota ondoren, epaimahaikideek eta entzuleek Oñederra izendatu zuten irabazle; hainbat produktuz osatutako saskia “pozik eta eskertuta” eraman zuen. Txapelketa amaitu ostean, pozik agertu ziren Zuhatzako kideak ere. Izandako parte-hartzea eskertzeaz gain, eta txapelketak herritar askoren interesa piztu eta “harrera ona” izan zituela ikusita, aurrerantzean ere antolatzen jarraitzeko asmoa agertu dute.

Marmitako lehiaketaren irabazleak ere bazkalostean iragarri zituzten. Aurten ere “oso maila ona” egon dela azpimarratu ondoren, lehen hiru sailkatuen izenak jakitera eman zituzten. 2002 taldearen marmitakoa hirugarren (13,5 puntu) sailkatu zen eta Maider eta Mireiarena, berriz, bigarren (15 puntu). 16,5 puntu lortuta, Koadri taldearentzat izan zen aurten jokoan egon den txapel preziatua.

Irati Baroja, Zuhatzak zozkatutako saskietako bat jasotzen.

Zuhatzak zozkatu zituen bi saskien zenbaki irabazleak ere une berean iragarri zituzten. Lehen saskiaren irabazlea 1884 (2600 ordezkoa) zenbakia izan eta bigarrenaren irabazlea, aldiz, 11576 (615 ordezkoa). Zuhatzakoek adierazi dutenez, oraingoz bigarren saskiaren saritua (Irati Baroja Agirregabiria) agertu da. Zenbaki saritua duenak asteartera (urriak 3) arteko epea duela azpimarratu dute; 09:00ak aurretik agertzen ez bada, ordezkoari egokituko zaio saria. “Saria jasotzeko deitu lehenbailehen 688 84 03 08 telefono zenbakira”.

Sariak banatu ostean, kantuan eta dantzan ibili ziren pilotalekuan batutakoak. Asko eta asko izan ziren Lajaren eta Lutxurdixoren trikitiaren eta panderoaren doinuei jarraiki dantza egitera animatu zirenak ere. Jai giroa, ohi modura, goizeko ordu txikiak arte luzatu zen. Joselontxo’s txarangak iluntzean poteoan zebiltzanak alaitu zituen eta Nonbait erromeria taldeak, berriz, Foruen Plazan batu ziren guztiak dantzan ipini zituen.

_DSC1668