Mintzalagunen sarea zabalduz eta sendotuz doa Euskal Herrian, baita Deban bertan ere, urtez urte gehiago baitira elkarrekin praktikatuz euskaraz aritzeko espazio eta guneak irabazten ari diren lagunak.
Zuhatzak kudeatzen du ekimena Deban, Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean, eta egunotan, urria hastearekin batera, zabaldu da 2023/2024 ikasturterako izen-ematea. Ohi bezala, aurten ere euskara praktikatu nahi duten bizpahiru lagunek (bidelariek) eta euskaraz hitz egiteko ohitura duen lagun batek (bidelagunak) osatuko dituzte mintzalagunen taldeak eta, astean behin, euskaraz hitz egiteko elkartuko dira talde txikietan.
Euskara praktikatu nahi dutenek eta praktika horretan laguntzeko prest daudenek izango dute, hortaz, izena emateko aukera. Euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez elkartzeko prest egotea dira parte hartzeko baldintza bakarrak; herritar boluntarioen lanari esker, egitasmoa doakoa da.
Izen-ematea urrian zabaldu duten arren, antolatzaileek jakinarazi dute urte osoan egongo dela izena emateko aukera (aurrez osatutako taldeetan sartuko dira interesdunak). Zuhatza Euskara Elkartearen bulegoan, koordinatzailea@zuhatza.com-era idatzita edo labur.eus/Zuhatza_Deba helbidean sartuta eman daiteke izena. Informazio gehiagorako: 943 19 13 83.