Aurrez zein egunean bertan, hamarnaka boluntariok lagundu dute aurten ere Euskal Jaia prestatzeak dakartzan eginbehar guztiak aurrera eramaten: bazkari herrikoiko mahai eta aulkiak jartzea, 300dik gora lagunentzako paella jana prestatzea, zozketarako saskiak atondu eta txartelak saltzea, txosnako txandak egitea, mahai-tresnak garbitzea, pilotalekua txukuntzea…
“Pozik gaude, beste behin ere, Euskal Jaiko ekimenak aurrera ateratzeko jaso dugun babesarekin eta modu batean zein bestean laguntzeko prestutasuna azaldu duten guzti-guztiei eman nahi dizkiegu eskerrak. Auzolanaren eta herritarren parte-hartzearen emaitza ikusi zen Aldats pilotalekuan, eta iruditzen zaigu ederra izan dela aurtengoa ere. Eskerrik asko denoi!“, nabarmendu dute Zuhatza elkarteko kideek.
Herriko saltoki, ekoizle eta sortzaileen ekarpena
Aipamen berezia egin diete, bestalde, elkartearen zozketarako otarreak osatzeko produktuak edo sormen lanak musu-truk eskaini dituzten herriko denda, taberna, ekoizle edo sortzaileei. 23 izan dira guztira: Santixo baserria, Doniene Berri, Zortziko Eztia, Txindurri Iturri, Olabe arrautzak, Zalburdi taberna, Aleix&Quim, MyMoon, Lo&Ge, Katxalote, Xomorro, Txirbila egur lanketa (Zuriñe Gredilla), Txaro fruta-denda, Koska taberna, Lizaso harategia, Fruta del pueblo fruta-denda, Sasoiko, Ieraenea, Calbeton taberna, Izenbe taberna, Lorea taberna, Sukia fruta-denda eta Albizu harategia.
“Sekulakoa izan da otarreak osatu ahal izateko jaso dugun laguntza. Borondatezko parte-hartzea eskatu zaie herriko saltoki, ekoizle eta sortzaileei, euskara elkarteak bere eguneroko jarduerak aurrera eramateko beharrezkoa duen autofinantzaketarako baliatzen duen ekimen honetan euren ekarpena egin zezaten. Emaitza begi-bistakoa izan da, saski dotore-dotoreak osatu ditugu aipatutako guztien laguntzari esker. Denentzako, beraz, euskara elkartearen izenean, gure eskerrik beroenak”.