Ikasturtearen hasierarekin batera, ikasleekin hilabetero egin ohi duten irteera antolatzeari ekin dio Debako Burdin Kurutz Mendi Taldeak. Ikasturteko lehen irteera igandean (urriak 8) egingo dute, eta antolatzaileek adierazi dutenez, 9,5 kilometro inguruko ibilaldia egingo dute Ataun eta Aralar inguruko mendietatik zehar. Urkillagako portuan hasi (500 metro) eta Lizarrusti parketxean (587 metro) amaituko dute ibilbidea eta, bidean, Agauntz (969 metro) eta Lareo urtegitik (745 metro) ere igaroko dira mendizale gazteak.
Ibilbideak duen desnibela kontuan hartuta, egun osoko txangoa izango dela jakinarazi dute, izan ere, irteerak, gutxi gorabehera, 500 metroko desnibel positiboa eta negatiboa duela kalkulatu dute antolatzaileek.
Txangoan parte hartu nahi dutenek, ohi modura, aldez aurretik izena eman beharko dute. Horretarako azken eguna osteguna (urriak 5) da. Ikasleek ikastetxean bertan izena eman dezakete eta horiekin joan nahi duten helduek, berriz, Burdin Kurutz taldeko Whatsapp taldean idatzita edo mendi taldeko norbaitengana hurbilduta izena eman dezakete. Irteeraren prezioa 12 eurokoa da bazkideentzat eta 15 eurokoa gainerako herritarrentzat. Autobus zerbitzua ere egongo da irteerara joateko. Autobusa 08:30ean abiatuko da pasealeku estalitik.