Abuztuan Europako Boccia Txapelketan urrea konkistatu ondoren, Amagoia Arrietak ezin izan dio bolada onari jarraipena eman egunotan Portugalgo Povoa de Varzim herrian jokatu den Munduko Boccia Kopan. BC1 kategorian iazko Munduko Kopan zilarrezko domina lortu ondoren, eta finalean sartzeko faboritoetako bat bazen ere, ezin izan du iazko postua hobetu.
Deban bizi den kirolariak ahaleginak eta bi egin baditu ere, final-laurdenetan kaleratua izan da eta, hortaz, podiumean sartzeko aukerarik gabe geratu da. Multzoen faseari dagokionez, garaipen estu bezain garrantzitsu batekin hasi zuen txapelketa; 4-4 irabazi zion Bat-El Brightman Ha’Cohen israeldarrari. Ondoren partidetan, berriz, ez zuen asmatu. Yee Ting Jeralyn Tan singapurtarraren aurka 3-9 galdu ondoren, bere multzoko bigarren postuan sailkatu zen.
Final-laurdenetan, berriz, Satanan Phromsiri thailandiarraren aurka neurtu behar izan zituen indarrak. Mundu mailako sailkapenean laugarren da Phromsiri, eta markagailuan aurretik ipini zen partidaren hasieratik. Lehen zatian, esaterako, 0-5 aurreratu zen thailandiarra eta Arrieta alde hori murrizten saiatu bazen ere, ezin izan zuen indartsu kantxaratu zen jokalaria gelditu; 1-11 galdu ostean, seigarren postua amaitu du txapelketa.
Munduko Kopan podiumaren atarian geratu ostean, 2024ko Parisko Paraolinpiar Jokoetarako sailkatzeko puntu baliotsuak lortzeko aukera on bat ihes egin dio Arrietari; hala ere, bere kirol ibilbidean bestelako jauzi bat emateko aukerekin jarraitzen du. Espainiako Federazioak jakitera eman duenez, txartel paralinpikoetako bat lortzeko azken proba puntuagarri bat jokatzea falta da oraindik.
Hain zuzen ere, urriaren 20tik 28ra Greziako Heraklion hirian jokatuko den World Boccia Challenger-ean horretarako aukera izan dezake Arrietak. “Berarekin batera txartel paralinpikoa lortzeko borrokan dauden aurkari gehienek, batez ere amerikarrek eta asiarrek, oraindik ere eskualdeko txapelketak jokatu behar dituzte. Beraz, itxaron egin beharko da Espainiako selekzioak Paraolinpiar Joko batzuetan berriro presentzia izango duen ala ez jakiteko”.