Animadeba Nazioarteko Animazio Zinemaldiak geldialdia egingo du Bilbon

Berriketan 2023ko urr. 16a, 14:08

EHUren Bizkaia Aretoak animazioari buruzko Animadeba Off izeneko jardunaldia hartuko du ostegunean (urriak 19). Debatik kanpo antzeko jardunaldi gehiago egitea da jaialdiaren bultzatzaileen asmoa.

Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan, Animadebak animazioari buruzko jardunaldia egingo du Bilbon. Jardunaldia ostegunean (urriak 19) izango da EHUren Bizkaia Aretoan, eta antolakuntzak jakitera eman duenez, Arte Ederretako graduko eta masterreko ikasleentzat zuzenduta dago, Agiri Kulturala programaren barruan.

Askotariko ekintzekin osatu dute Bizkaiko hiriburuan egingo duten egun osoko jardunaldiaren egitaraua. Alde batetik, teknologia berriei buruzko hitzaldiak izango dira eta, bestetik, animaziozko ekoizpenei buruzko aurkezpenak. Jardunaldia 10:00etan hasiko da Javi de La Chicak prozesu artistikoetarako erabili daitezkeen adimen artifizialeko tresnei buruz emango duen hitzaldiarekin. Jarraian, animazioaren eraldaketan adimen artifizialak izan duen bilakaerari buruz jardungo dira Kote Camacho eta Niko Vazquez.

Programazioak arratsaldean jarraituko du, beste bi aurkezpenekin. 16:00etan hasita, Keila Cepeda eta Felix Loche animaziozko sormen prozesuei buruz ariko dira eta, ordubete geroago, istorio bat kontatzeko orduan behar diren baliabideei buruzko ariko da Maria Manero. Jarraian, aurtengo jaialdiaren sail ofizialean lehiatu diren hamar film laburrak eta Ander Urrosolok aurtengo jaialdiari buruz egin duen laburpen bideoa ere proiektatuko dituzte. Guztia biribiltzeko, Benizze bakarlariaren musika emanaldia izango da.

Animadeba Off. Debatik kanpo egiten diren Animadebaren ekitaldi guztiei Animadeba Off izena jarri die jaialdiaren bultzatzaileek. Lehen jardunaldia Donostiako San Telmo museoan egin zuten irailean, eta ostegunean Bilboko Bizkaia Aretoan egingo dutena, beraz, bigarrena izango da. Jaialdiaren bultzatzaileen asmoa da etorkizunean beste hainbat lekutan ere presentzia izatea.

EGITARAUA

  • 10:00-11:15. Herramientas IA para procesos artisticos, Javi de La Chicaren eskutik, Oteiza aretoan.
  • 11:30-13:00. Animazioaren eraldaketa. IAren bilakaera, Kote Camacho eta Niko Vazquezen eskutik, Oteiza aretoan.
  • 16:00-16:45. Procesos creativos de animacion, caso: Discolo Studio, Keila Cepeda eta Felix Locherekin, Oteiza aretoan.
  • 17:00-17:45. Autoproduccion, recursos basicos e independencia para contar una historia propia, Maria Manero Muroren eskutik, Oteiza aretoan.
  • 18:00-19:30. Animadeba Sail Nagusia 2023 film laburren emanaldia, Baroja aretoan.
  • Ondoren. Ander Urrosoloren Animadeba 2023 festibala laburpen bideoaren proiekzioa.
  • 19:30. Benizzeren musika emanaldia, Etxepare erakusketa gelan.