Herriko zenbait eragilerekin elkarlanean, 2023ko Garapenerako Lankidetza Jardunaldiak antolatu ditu Debako Udalak. Bihar (urriak 21) eta etzi (urriak 22) gauzatuko den egitasmoaren helburu nagusia da udalerriko jendartea sentsibilizatzea, elkartasuna eta konpromisoa oinarri hartuta.
Jakitera eman dutenez, bihar bosgarrenez egingo den Elkartasun Azoka izango da aurtengo jardunaldietako hitzordu garrantzitsuena. “Bertan, irabazi asmorik gabeko hainbat elkartek bere produktuak saltzeaz gain, dituzten helburuei eta produktuei buruzko informazioa eskainiko dute”.
Ateri badago, Plaza Zaharrean ipiniko dituzte Elkartasun Azokako postuak, 10:00etatik 14:00etara. Bestelakoan, euria ari badu, pasealeku estalian egingo dute ekintza. “Irabazi asmorik gabeko zortzi elkarte garrantzitsuk parte hartuko dute aurtengo merkatu solidarioan; aukera paregabea eskainiko dute debarrak gerturatu, eta haien berri izan dezaten”.
Laguntza humanitarioa eman eta garapeneko eremu ezberdinak ordezkatzen dituzten honako elkarteek ipiniko dute postua aurten:
- SMH (Salvamento Maritimo Humanitario)
- Mugarik gabe
- Lumaltik
- Parrokiako kooperazio taldea
- Liburu solidarioak
- Zaporeak
- El Salvador Elkartasuna
- Ndank Ndank elkartea
Elkartasun azokarekin lotuta, gainera, beste bi ekintza egingo dira. 10:00etatik aurrera, Kalez Kale txistulari taldekoak txistu eta danbolin doinuekin herriko kaleak alaitzen arituko dira. 12:00etan, aldiz, Zaporeak elkarteko kideek pintxo potea eskainiko dute, “bertako gastronomiaz gozatzeko aukera eskainiz”.
Etzi, berriz, Philippe Lioret zuzendari frantziarrak 2009an ekoitzitako Welcome filmaren proiekzioa izango da, 19:00etan hasita, Kultur Elkartean. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, migrazioari eta elkartasun erronkei buruzko hausnartzeko “aukera ona” eskaintzen du filmak.
Elkartasunaren eta parte hartzearen garrantzia azpimarratzearekin batera, herritarrak antolatutako ekintzetan “aktiboki” parte hartzera gonbidatu ditu udalak. “Erakunde parte hartzaileek zeregin erabakigarria betetzen dute behar gehien duten pertsonen bizitza hobetzeko, eta haien lana ezagutaraztea funtsezkoa da aurrera egin dezaten”.