Helburuak beteta, egunotan Heraklion-en (Grezia) jokatu den World Boccia Challenger nazioarteko txapelketako podiumera igotzea lortu du Amagoia Arrieta Espainiar selekzioko jokalariak. Ekaitz Txintxurreta lagun duela, BC1 kategoriako (eskuekin edo oinekin jaurtitzen duten eta laguntzailea behar duten kirolariak) finalera sartzea lortu du, eta txapelketa ona gauzatzea lortu badu ere, ezin izan du iaz txapelketa berean lortutako urrezko domina jantzi.
Deban bizi den kirolariak debut ona egin zuen denboraldiko azken txapelketan. Bi garaipenekin ekin zion txapelketari: lehen partidan, erraz gainditu zuen Alina Karamysheva kazakhstandarra 8-0 emaitzarekin eta bigarrenean, berriz, 3-2 irabazi zion Simona Blazkova txekiarrari. Sailkapen fasean lortutako bi garaipen horiei esker, bere multzoko lider bezala egin zuen jauzi finalerdietara.
Finalerdietan ere ondo moldatu zen. Buru-belarri saiatu behar izan zen Aurelie Aubert frantziarra mendean hartzeko, baina 3-1 irabazi ondoren, finalerako txartel preziatua bereganatu zuen. Finalean, berriz, 1-4 galdu zuen Andreza Vitoria de Oliveira brasildarraren aurka. Gogor saiatu bazen ere, ezin izan zuen egungo munduko txapelduna eta sailkapen nagusiko lehena gainditu.
Grezian lortutakoarekin, guztira zortzi domina ditu bere palmaresean Amagoia Arrietak
Grezian lortutako zilarrezko dominari esker, 2024an Parisen jokatuko diren Paraolinpiar Jokoetara sailkatzeko aukerekin jarraitzen du Arrietak; txapelketan lortutako puntu baliotsuei esker, sailkapen nagusiko lehen sei sailkatuen artean kokatu da. Selekzioko arduradunen esanetan, emaitza positibo bat lortzea behar-beharrezkoa zen sailkatzeko aukerei eusteko. “Denboraldiko azken txapelketa honetan emaitza on bat bermatzea berebizikoa zen. Bere aurkari zuzenenenek, izan ere, beste proba batzuk jokatzeko eta puntuak pilatzeko aukerekin jarraitzen dute”.
Sailkapen zuzena lortzen ez badu, bestalde, Paraolinpiar Jokoetan parte hartzeko beste aukera bat ere izan dezake, baina, horretarako, Bipartita Batzordearen gonbidapena jaso beharko duela jakitera eman dute Espainiar Federazioko iturriek. “Tokio 2020an ordezkaritzarik izan ez bagenuen ere, hartara, Paraolinpiar Joko batzuetara itzultzeko aukera izango luke Espainiako Selekzioak”.
Dordoka Klubeko kirolariak bi hamarkada baino gehiago daramatza boccia praktikatzen, eta Greziakoa bere kirol ibilbidean lortu duen zortzigarren domina izan da. Bere palmaresean honako lorpenak azaltzen dira:
- 2017. Taldekako brontzea Sevillako World Open txapelketan.
- 2019. Zilarrezko bi domina 2019eko Nymburk-eko (Txekiar Errepublika) Boccia Regional Open txapelketan.
- 2021. Brontzea Sevillako Europako Txapelketan eta zilarra Povoa de Varzim-eko (Portugal) Munduko Kopan.
- 2022. Urrea Erromako (Italia) Worl Boccia Challenger nazioarteko txapelketan.
- 2023. Urrea Rotterdam-eko (Herbehereak) Europako Txapelketan eta zilarra Heraklion-eko (Grezia) World Boccia Challenger-ean.