Errege Kabalgataren antolatzaileek laguntzaileak behar dituzte hitzordua prestatzeko

Berriketan 2023ko urr. 27a, 11:23

Urteroko ekitaldia antolatzeko jende gehiagorik batzen ez bada, Errege Kabalgata “arriskuan” egon daitekeela ohartarazi dute.

Urtarrilaren 5ean egin ohi izan den Errege Kabalgata antolatzen duen taldeak laguntza eskaera egin die herritarrei. Antolakuntzaz arduratzen den taldeko kideek jakitera eman dutenez, herritar gehiagoren laguntza behar dute hurrengo hitzordua aurrera atera ahal izateko. “Taldeak hiru kide baino ez ditu gaur egun, eta jende gehiago behar dugu ekitaldia antolatu ahal izateko. Bestela, kabalgata arriskuan egongo da”.

Lantaldea indartze aldera, bilera irekia antolatu dute astelehenerako (urriak 30); Debako Udalarekin batera egin dute 19:00etan hasita udaletxeko bilera gelan egingo den batzarrerako deialdia eta herritar guztiak gonbidatu dituzte.

Astelehenerako bilerara bertaratzeko aukerarik ez, baina antolakuntzan parte hartu nahi dutenentzat, berriz, helbide elektroniko bat jarri dute eskuragarri. Lantaldeko kide izateko interesa dutenei erregekabalgatadeba@gmail.com helbide elektronikora idazteko eskatu diete.