Euskara ardatz hartuta, hirugarren aldiz egingo da aurten Euskeraz Bagera, Euskararen Nazioarteko Egunaren bueltan. Ohi bezala, aisialdiaz euskaraz gozatu ahal izateko eta herritarron artean harreman sare berriak eraiki ahal izateko erronkari helduta antolatuko da egitasmoa.
Zuhatza Euskara Elkarteak, Debako Udalak eta herriko hainbat eragilek elkarlanean antolatutako egitaraua azaroaren 27an abiatu eta abenduaren 17ra arte luzatuko da eta, ekintza eta data guztiak zehaztuta ez badaude ere, askotariko jarduerak aurreikusten dira programazioan.
Antolatzaileen esanetan, hasiak dira egitarauaren “hasierako zirriborro bat” osatzen, baina herriko eragile guztiak gonbidatu dituzte euren proposamenak egin eta ekimenean parte hartzera. Hortaz, ekarpenen bat egin nahi dutenek azaroaren 10era arteko epea izango dute horretarako; 688 84 03 08 telefono zenbakian jar daitezke harremanetan antolatzaileekin.