Gurutze kalean jarri duten baranda berriari esker, udalerriko irisgarritasuna eta segurtasuna “nabarmen” hobetu dela jakitera eman dute udal iturriek. “Baranda berri horrek eragin nabarmena du eremu horretatik igarotzen direnentzat; izan ere, Gurutze kaleak malda handia du, eta zenbait debarrentzat zaila egiten da pilotalekutik eta goiko aldean dauden etxebizitzetatik plazarako joan-etorria egitea”. Gaineratu dutenez, egitura berria jartzeak oinezkoen segurtasuna ere hobetu du. “Bide horretatik ibiltzen direnei euskarri gehigarria eskaintzen zaie eta, bide batez, segurtasun handiagoa”.
Lan horiei esker, udalak segurtasunarekin eta irisgarritasunarekin duen konpromisoa berresten jarraituko duela azpimarratu dute, eta aurrerantzean ere norabide horretan urratsak ematen jarraituko duela. “Funtsezkoa da Debako biztanle guztien inklusioa eta ongizatea sustatuko dituen ingurune bat sortzea; erakunde gisa gure betebeharra da udalerri irisgarriagoa eta seguruago baterantz urratsak ematen jarraitzea”.