Mintzalagunek lau talderekin abiatu dute ikasturtea

Berriketan 2023ko aza. 6a, 09:20

Urrian zabaldu da Mintzalagunean izena emateko epea eta antolatzaileek azaldu dute dagoeneko lau talde osatu dituztela. Dena den, ikasturte osoan eman daiteke izena egitasmoan.

Momentuz mintzalagunen lau talde daude martxan Deban: horietako bi astelehenetan elkartzen dira (bata 15:30ean eta bestea 16:00etan), hirugarrena ostegunetan 17:45ean, eta laugarrena ostiraletan, 11:00etan. Dena dela, ikasturte osoan egoten da zabalik izen-ematea (doan); aurrez osatutako taldeetan sartuko dira partaide berriak eta, beharren arabera, talde berriak sortzeko aukera ere aztertuko dute antolatzaileek.

Ohi bezala, aurten ere euskara praktikatu nahi duten bizpahiru lagunek (bidelariek) eta euskaraz hitz egiteko ohitura duen lagun batek (bidelagunak) osatu dituzte taldeak eta, astean behin, euskaraz hitz egiteko elkartzen hasi dira talde txikietan.

Zuhatzak kudeatzen du ekimena Deban, Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean. Bertan parte hartu nahi dutenek euskara elkartearen bulegora jo beharko dute (943 19 13 83). Bestela, Internet bidez ere eman daiteke izena, koordinatzailea@zuhatza.com-era idatzita edo ondorengo estekan sartuta: labur.eus/zuhatza_deba.