GUTUNA

DIT feministaren gutuna, azaroaren 30eko greba feminista orokorraren harira

Berriketan 2023ko aza. 9a, 09:00

Hona hemen DIT feministak azaroaren 30eko greba feministaren testuinguruan idatzi duen ‘Azaroaren 30ean, Zaintza Greba Feminista orokorra’ artikulua.

Azkenaldian nahiko entzuten da batzuen ahotan zaintzaren eztabaida eta hau aldarrikatzeko premia. Baina zer da zaintza? Zainduak izan gara lehen pixoihala jarri zigutenetik eta kenduko diguten azkenengoraino. Zainduak izan gara kozinatu diguten aldi oro, arropa edo etxea garbitu diguten aldi oro. Zainduak izan gara besarkada batek babestu gaituenean. Eta guk ere zaindu dugu. Zaindu dugu fardelak kendu ditugunean, kozinatu dugunetan, arropa eta etxea garbitu dugunean, norbait besarkatu dugun bakoitzean.

Zaintza pertsonon behar fisiko, emozional eta sozialei erantzuteko jarduera multzoa da. Baina argi dago zaintza lanen banaketa ez dela parekotasunean oinarrituta egin. Ama, alaba zein amonek bete izan dute lan hori, baita historikoki arlo feminizatu izandako garbitzaile, hezitzaile zein haurren, dibertsitate funtzionaldunen eta zaharren zaintzaile profesionalek ere. Oro har, emakumeok zaintzaren zama gure gain hartu dugu, eta, noski, langile klaseko eta arrazializatutako emakumeek zaintzaren zatirik gogorrena jasan dute. Gainera, zeregin hauek gutxietsiak, ikusezinak eta prekarizatuak izan dira urteetan zehar.

Zaintza lana duina izan dadin, honen erantzukizunak gizarte osoaren gain egon behar du, hau da, zaintzak publikoa eta komunitarioa izan behar du. Hala, administrazio publikoaren esku-hartzea aldarrikatzen dugu zaintza langileen eskubideak eta baldintza egokiak berma daitezen. Bestalde, zerbitzu publikoaren erantzukizunetik at gelditzen diren zaintza lanak (etxeko lanak, erosketak edota seme-alaben eta adinekoen zaintza, adibidez), modu orekatuago batean banatzea beharrezkoa da, zainketa desfeminizatzeko.

Horregatik guztiagatik, azaroaren 30ean Zaintza Greba Feminista Orokorrera deitu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Deba eta Itziarko herritarroi grebara batzeko eta arratsaldean egingo diren kontzientziazio kanpaina, solasaldi eta kontzentraziora etortzeko deia egiten dizuegu. Bildu gaitezen guztiok zaintza eredu hobe baten alde!