Herrian aisialdiaz euskaraz gozatu ahal izateko eta herritarron artean harreman sare berriak eraiki ahal izateko erronkari helduta, hirugarren urtez jarraian antolatu dute Euskeraz Bagera zikloa. Euskararen Nazioarteko Egunaren bueltan antolatutako egitasmoak, azaroaren 24tik abenduaren 16ra bitartean, hamar egun hartuko ditu aurten; euskara ardatz hartuta, kultura, kirola, ikastaroak eta bestelako hainbat jardueraz osatutako egitarau oparoa izango da aukeran epe tarte horretan.
Egitarauan aurkeztutako zenbat jardueratan aurrez izena ematea eskatu dute antolatzaileek. Azaroaren 25ean egingo den gurasoentzako jolas tailerrean, azaroaren 26an Osioko basora egingo den irteeran eta azaroaren 29ean egingo den mintzodromoan parte hartzeko, esaterako, egitarauan zehaztutako telefono zenbakietara deituta izena eman beharko da. Abenduaren 2an Maialen Solabarrietak gidatuko duen yoga tailerrean eta gosarian parte hartu nahi dutenek, berriz, honako loturan sartuta izena eman beharko dute.
Abenduaren 1ean Gari musikariak Kultur Elkartean eskainiko duen kontzerturako eta abenduaren 5ean egingo den Erdaldun berrien kluba umorezko ikuskizunerako, aldiz, sarrerak erosi behar direla jakitera eman dute. Bi emanaldi horietarako sarrerak azaroaren 21ean, 18:00etatik 20:00etara, Kultur Elkartean jarriko dituzte salgai. Gainerako jarduera eta emanaldietarako sarrera librea izango da.