Gurasoentzako kantu eta jolas ikastaroa antolatu dute

Berriketan 2023ko aza. 16a, 18:31

Familia barruko dibertsioa bultzatzea da Zuhatza-Kolore Anitz Aisialdi Taldeak eta Debako Udalak elkarlanean antolatu duten ikastaroaren helburua. Parte hartzeko interesa dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute.

Antolatzaileek jakitera eman dutenez, 4 eta 9 urte bitarteko seme-alabak dituzten guraso, hezitzaile eta tutoreei zuzenduta dago egitasmoa. Azaroan eta abenduan eskainiko dute ikastaroa eta, iragarri dutenez, sei orduko iraupena izango du. Zehazki, larunbatetan egingo diren bina orduko hiru saiotan banatuta egongo da, honakoetan: azaroaren 25ean, abenduaren 2an eta 16an egingo dira saioak, 10:30etik 12:30era, Agirre jauregian. “Ikastaro honen helburu nagusia da parte hartzaileei euren seme-alabekin kalitatezko denbora izateko aukerak ematea jolasen eta abestien bidez, une dibertigarriak sustatuz eta familia harremanak estutuz”.

Jarduerari dagokion matrikularen prezioa 5 eurokoa da eta aldez aurretik izena eman behar dela ohartarazi dute; horretarako azken eguna ostirala (azaroak 17) da. Matrikula burutzeko bi bide zehaztu dituzte: parte hartzeko interesa dutenek euskara@deba.eus helbidera mezu elektroniko bat bidali edo 688 66 37 44 telefono zenbakira deitu edo idatzi beharko dute.

Izena ematerako orduan, parte hartzeko interesa dutenei oinarrizko informazioa eskatuko zaiela ere aurreratu dute antolakuntzatik. Besteak beste, parte hartzaileen izen-abizenak eta harremanetarako telefono zenbakia eta, ikastaroak adingabeak zaintzeko zerbitzua ere eskainiko duenez, bertaratuko diren haurren adina eta haientzako zaintza zerbitzurik behar den edo ez ere zehaztu beharko da. “Horri esker, parte hartzaileak jardueretan zentratu ahal izango dira, bestelako kezkarik gabe”.