Tipi-tapa, tipi-tapa, hemen da Euskal Herriko zazpi probintziak zeharkatuko dituen 23. Korrika. AEK-ko ordezkariek atzo (azaroak 16) Donostiako San Telmo museoan egindako aurkezpen ekitaldian eman zituzten jakitera euskararen aldeko ekitaldirik jendetsuenari eta garrantzitsuenetarikoari buruzko xehetasun guztiak, eta 23. Korrikak baditu jada irteera eta helmuga, data, leloa eta omendua.
Oraindik ez dute jakinarazi euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta AEKren eguneroko lana indartzeko dirua biltzea helburu duen lasterketa erraldoiaren ibilbide osoa, baina abiapuntua eta helmuga non izango dituen ezagutzera eman dute: datorren urteko martxoaren 14an, Irunen abiatuko da euskararen aldeko mobilizaziorik handiena eta hamar gauren eta 11 egunen buruan, eta 2.500 kilometroren ostean, martxoaren 24an, Baionan egingo du eztanda Korrikaren amaierako festak. Lapurdiko hiriburuan batuko diren euskaltzaleek egun osoko egitarauaz gozatzeko eta, aldi berean, lekukoak eramango duen mezu sekretua ezagutzeko aukera izango dute.
Leloari dagokionez, Harro Herri da Euskal Herriko bazter guztietan zehar zabaltzeko aukeratu duten leloa; euskal komunitateak euskararekiko sentitzen duen harrotasunaren adierazle eta erakusle da aldarria. “Aurreko Korrikaren parte hartze masiboak argi utzi zuen gure hizkuntzaz harro gaudela eta guztion artean komunitate sendoa osatzen dugula. Oztopo guztiak gainditzeko gai den herri harroa, eta harro Korrikan». Aitziber Balantzategi AEK-ren Artezkaritza-kontseiluaren lehendakariak azaldu duenez, “Korrikak herri aldarri alai eta tinkoa izan nahi du, eta, oraindik ere, aurreko Korrikako indar erakustaldia oso iltzatuta dugu begiradan”.
Halere, harrotasun hori “konformismoarekin” ez nahasteko azpimarratu du Balantzategik eta erakundeek euskararen normalizazioan duten “ardura garrantzitsua” ekarri du gogora: “Herritarren ahaleginaz batera, hizkuntza politika ausartagoa eta inbertsioak egin behar dituzte”. Bien bitartean, orain arte bezala, Korrikak jasoko duen dirua euskararen normalizaziora bideratuko da Euskal Herri osoan.
Omendua, bestalde, “Frantziako Estatuko hizkuntza legeari aurre eginda” baxoa eta brebeta* euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzen duen Azkerketak Euskaraz ikasleen kolektiboa izango dela iragarri dute. “Euskara da haien aldarria, Korrikarena bezalaxe. Gazte hauek, beren ikasketen une oso erabakigarrian, herritar euskaldun gisa dagozkien hizkuntza eskubideak aldarrikatzeko hautua egin dute, beren notak eta etorkizun akademikoa kaltetuak izango direla jakitun”, adierazi du Ana Elordi Korrikaren koordinatzaile nagusiak.
Korrikak eskainiko dien aitortza haien egoera ezagutzera emateko “bozgorailu” izateko esperantza agertu du Elordik. “Euskal Herri osoan, eta hemendik kanpo ere, jakin dezatela gazte horiek egun ezin dutela ikasketen zati garrantzitsu hori gure hizkuntzan burutu. Gainerako gazteentzat ere eredugarri izan daiteke ikustea egoera okerrenetan ere hainbat ikaslek ahalegina egiten dutela euskara hautatzeko”.