Jende andana bildu zen atzo, azaroaren 21ean, Debako Kultur Elkartean, Euskeraz Bagera zikloaren baitan abenduan egingo diren bi emanaldietarako sarrerak erosteko helburuz. Aurreikusi bezala, ondo joan zen aldez aurreko salmenta. Ordubete inguruan bukatu ziren Gariren kontzerturako txartel guztiak (12 euroan zeuden salgai, eta hamar euroan Zuhatza Euskara Elkarteko bazkideentzat), eta abenduaren 5eko Erdaldun berrien kluba umorezko bakarrizketara joateko sarreren erdiak ere saldu zituzten.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, bakarrizketara joan nahi dutenek Internet bidez eskuratu ahal izango dituzte sarrerak (5,25 euroan) egunotan; hemen klikatuta egin daiteke erosketa. Txartel guztiak salduko ez balira, saioaren egunean bertan ere egongo dira salgai Kultur Elkartean.
Arrasate Euskaldun Dezagun elkarteak ekoiztutako lana da Erdaldun berrien kluba. Bakarrizketaren egilea Idoia Etxeberria oñatiarra da eta Olatz Pagalday eskoriatzarrak dihardu aktore lanetan. Euskararen erabileraren inguruko gogoeta bultzatu nahi du antzezlanak, betiere umore klabean. Abenduaren 5ean izango da ikuskizuna, 22:00etan.