Santa Zezilia eguna da gaur (azaroak 22), musikarien zaindariaren eguna, eta, urtero bezala, herriko musikariak kalera atera dira egun hori herritarrekin ospatzera. XVI. mendean Gregorio XIII.ak musikarien zaindari izendatu zuen Santa Zezilia eta, harrezkero, kultura katolikoan musikaren eguna ospatzen da azaroaren 22an, Santa Zezilia hil zuten egunari erreferentzia eginez.
Gaurkoan euriak eta eguraldi petralak atseden gutxi eman badu ere, musikariak goizean goizetik hartu dituzte kaleak beren eguna ospatzeko. Ohi modura, Debako Musika Bandako kideak izan dira denetan goiztiarrenak; 07:00etan atera dira diana jotzera. Musika eskolatik hasi dute ibilbidea Zezenak dira abestia jotzen eta, Astillero kalea eta Lersundi kalea gurutzatu ondoren, Maxi taberna zegoen parera arte abiatu dira. Han geldialdi txiki bat egin ondoren, musika eskolaranzko bueltako bidea hartu dute, La gacela edo Diana 4 abestia interpretatzen ari ziren bitartean. Ondoren, elkarrekin gosaltzeko geratu dira.
Musikarien zaindariaren omenez aurten ere hutsik egin gabe kalera irten den beste kultur eragileetako bat Kalez Kale txistulari taldea izan da. 08:30ean atera dira musika eskolatik eta, herriguneko kaleetatik barrena, ordubete inguruko saioa eskaini dute. Askotariko piezak jo dituzte, baina horietan gehien nabarmendu dena Santa Zeziliako biribilketa izan da. Herriko akordeoilariek, bestalde, aterpean babestuta egin diote gorazarre euren zaindariari. Kokaleku berezia hautatu dute kontzertua eskaintzeko, udaletxe azpiko arkupea, eta hainbat lagun hurbildu dira haiengana.
Iluntzean, berriz, Kalean Kantuzekoen txanda izango da. 19:00etan, udaletxe azpiko arkupeetan batzeko hitzordua jarri dute, eta nahi duten guztiak eurekin batera abestera gonbidatu dituzte. Hainbat musika tresna lagun dituztela, Santa Zeziliaren omenez askotariko euskal abesti herrikoiak abestuko dituzte. Euria ari badu, udaletxe azpiko arkupeetan geratuko direla aurreratu dute; bestelakoan, kalerik kale kantuan ibiltzeko asmoa dutela esan dute.
Hurrengo egunetan ere jarraipena izango dute Santa Zeziliaren harira antolatutako ekintzek. Bihar (azaroak 23), esaterako, musika eskolako ikasleek eta irakasleek hartuko dute herriko kaleak musikaz betetzeko arduraren lekukoa. 16:30ean, musika eskolatik irtenda, kalejira egingo dute eskolako haur eta gazteek. Ondoren, merienda berezi baten bueltan batuko dira.
Gaurko dianaz gain, musikaren zaindariaren omenezko beste zuzeneko bat ere emango dutela iragarri dute bandako kideek; larunbatean (azaroak 25), 12:30ean hasita, askotariko piezak interpretatuko dituzte elizako klaustroan. Fefe Urain bandako zuzendariak jakitera eman duenez, honakoa izango da eskainiko duten errepertorioa: Franciso Saezen Club Cocherito pasodoblea, Sergei Prokofiev-en Romeo eta Julieta (lehen partea), Oscar Navarroren Paconchita obertura latinoa, Geronimo Gimenezen La boda de Luis Alonso eta Elton John-en The Lion King. “Bukatzeko, eta propina bezala, beste kantu bat ere joko dugu. Eguraldi ona baldin badago, gainera, kontzertuaren aurretik ere kalejira txiki bat egiteko asmoa dugu”, zehaztu du Urainek.