Magia ikuskizuna, gurasoentzako jolas tailerra eta irteera gidatua, Euskeraz Bageraren abiagune

Berriketan 2023ko aza. 23a, 11:53

Bihar arratsaldean abiatuko da III. Euskeraz Bagera, Niala magoak haurrentzako egingo duen magia saioarekin. Gurasoei zuzendutako jolas tailerrak (etzi) eta Osioko basora egingo den irteera gidatuak (igandean) osatzen dute jardunaldien lehenengo asteburu honetako egitaraua.

Debako Gazte Asanbladaren ekimenez, Niala magoaren ikuskizunaz doan gozatzeko aukera izango da bihar, azaroaren 24an, 18:00etatik aurrera Gaztetxean. Umeei zuzendutako saioa dakar Debara Niala magoak, Alain Zulaika elgoibartarrak, baina familia giroan ikusteko modukoa izango da, guztientzat aproposa. Emanaldiaren ondoren, txokolate-jana ere eskainiko dute bertan.

Larunbatean, hilaren 25ean, Agirre jauregiko Ispiluen gelan izango da Euskeraz Bagera jardunaldien baitan antolatutako bigarren hitzordua. 10:30etik 12:30era, Debako Udalak eta Zuhatza-Kolore Anitz Aisialdi Taldeak elkarlanean antolatu duten kantu eta jolas ikastaroa egingo da. Egitasmoa 4 eta 9 urte bitarteko seme-alabak dituzten guraso, hezitzaile eta tutoreei zuzenduta dago, eta haurrak zaintzeko zerbitzua eskainiko da ekimenak iraun bitartean. Larunbatekoaz gain, beste bi saio izango ditu ikastaroak (abenduaren 2an eta 16an), eta matrikularen prezioa 5 eurokoa da. Parte hartu nahi dutenek euskara@deba.eus helbidera mezu elektroniko bat bidali edo 688 66 37 44 telefono zenbakira deitu edo idatzi beharko dute.

Bestalde, azaroaren 26an, igandean, irteera gidatua egingo da Osioko basora, Diego Mendoza biologoak gidatuta. Osioko parkean emango zaio hasiera irteerari, 10:30ean, eta errekan barrena abiatuko dira gero partaideak. Osioko basoa, inguruneko flora eta fauna, geologia, historiaurrea… ezagutzeko aukera izango dute ekimenean parte hartzen dutenek. “Ibilaldi honetan, Osioko espezie mehatxatuak eta babestuak ezagutzeaz gain, Euskal Kostaldeko Geoparkean kontserbatzen den espazio botaniko interesgarrienetako bat aztertuko dugu, bertako geologiari eta geobotanikari erreparatuz. Gainera, Historiaurreko Bailararen barruan, itsasotik hurbilen kokatzen diren Goi-Paleolito garaiko aurkikuntza arkeologikoez ere mintzatuko gara”, aurreratu dute Debanatura elkarteko kideek.

Plaza mugatuak izango dira eta aurrez eman behar da izena (doan), debanatura@hotmail.com helbide elektronikora idatzita edo 695 78 36 56 telefono zenbakian.