Aurten ere, iaz egin bezala, Ostolaza eta Portu kaleek bat egiten duten izkinan kokatuta dagoen lokalean ipiniko dute denda. Bertaratzen direnek mota guztietako opariak erosteko aukera izango dutela esan dute. Hainbat herrialdetako bidezko merkataritzako kooperatibetatik inportatutako txokolatea, kafea, arroza, eztia, pasta, galletak, bonboiak, edariak eta oihalezko artisau produktuak (poltsak, panpinak, kamisetak…) egongo dira aukeran, besteak beste, guztiak ere “prezio onean”.
Errege Egunera (urtarrilak 6) arte egunero egongo da zabalik, ondoko ordutegian: astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 20:00etara eta larunbat eta igandetan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:00etara.
Kooperazio Taldeko kideek azpimarratu dutenez, garapen bidean dauden herrialdeetako biztanleen bizi baldintzak hobetzeko erabiliko dute salmentei esker lortuko duten dirua. Zehaztu dutenez, aurten batzen den guztia Maliko Togo eskualdean dagoen Saint Paul eskolan garatzen ari diren proiektu bat bultzatzeko izango da. “Duela gutxi artoa, kakahuetea, platanoa eta beste hainbat fruta eta barazki ereiteko baratze bat eraiki zuten eta, orain, baratze horren alboan eraikin bat egiteko bideratuko da dendatik lortuko dugun guztia, baita Debako Udalaren dirulaguntza ere”.