Zaintzarako eskubidearen alde kaleak hartzeko deia egin dute

Berriketan 2023ko aza. 28a, 10:22

2018ko eta 2019ko grebekin hasitako bideari jarraikiz, greba feminista orokorra egingo da estreinakoz azaroaren 30ean.

Euskal Herriko mugimendu feministako kideek jakitera eman dutenez, zaintzaren krisia mahai gainean jartzea eta zaintza sistema publiko eta komunitario baten alde kalera irtetea izango da osteguneko (azaroak) greba feminista orokorraren helburua. Aldi berean, “beste hamaika aldarri” ere jarri nahi dituzte erdigunean: “Denon bizitzak erdigunera ekarriko dituen zaintza eskubide kolektiboa borrokatzera goaz”.

Deitzaileek ohartarazi dute mobilizazioak ez duela “orain arteko greben eredu bera” izango. Azaldu dutenez, ohiko grebetan sindikatuena izan ohi da gidaritza eta greba feministaren kasuan, aldiz, mugimendu feminista ari da lidergoa eramaten. Lanuztera “denak, baita gizonezkoak ere” deituta daudela gogorarazi dute, izan ere, zaintzaren erantzukizuna eta ardura jendarte osoarena dela nabarmendu dute.

Egunotan motorrak berotzen aritu ondoren, hainbat ekintzez osatutako egitaraua prestatu du ostegunerako (azaroak 30) DIT feministak dinamizatuta sortu den greba batzordeak

Deialdiarekin bat eginda, Deban ere hainbat ekintza iragarri ditu DIT feministak dinamizatuta sortu den greba batzordeak. Aurreko ostiralean (azaroak 24) hasi ziren egun horri begira motorrak berotzen. Foruen Plazan batu, eta zaintzarekin lotutako material bilketa egin zuten herriko toki desberdinetan ipintzeko. Besteak beste, garbiketarako eskularruak, trapuak, amantalak, erratzak… jarri zituzten herriko tokirik esanguratsuenetan.

 

Gaur (azaroak 28), ordea, herritarren testigantzekin sortutako bideoaren proiekzioa egingo dute Kultur Elkartean; 18:00etan jarri dute hitzordua. Ostegunerako (azaroak 30), aldiz, beste hainbat ekintzez osatutako egitaraua prestatu dute. 11:00etan Foruen Plazan elkartu eta herrian zehar ostiralean (azaroak 24) jarritako material guztia batu eta plazan jartzeko asmoa agertu dute. 12:00etarako Deban nork zaintzen du? mahai ingurua antolatu dute. Ordu horretan Kultur Elkartera bertaratzen direnek gaiari buruz eztabaidatzeko aukera izango dute.

14:00etan, berriz, bazkari herrikoia egingo dute Foruen Plazan. Greba batzordetik jakitera eman dutenez, bertan parte hartzeko aurrez izena eman behar da. Bazkalostean, kafe tertulia eta Truku, truku, trutza… ipuin kontaketa saioa egingo dute. Ondoren, kalerik kale kantuan ibiltzeko deia egin dute. Eta, guztia biribiltzeko, manifestazioa deitu dute. 19:00etan, Foruen Plazatik abiatuta egingo dute mobilizazioa.